Zuzendariari

Labaien soldadu

Luis Zulaika Galdos.
Zarautz.
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gure herriaren soldadu gisa aurkeztu digute egunkari honetan bertan hil berria den Ramon Labaien. Telebista eta irratian euskaltzale amorratua, kultura handikoa, zubigile konprometitua,Errenazimentuko gizona, kudeatzaile abila, irekia, zuzena, zorrotza bezain hurbila eta eskuzabala azaldu zaigu egun hauetan. Joan dira haren elizkizunetara «gure» agintariak; laudoriak eta goraipamenak lau haizeetara.

Ez naiz ni inor esandako hori guztia ukatzeko, baina, hausnarketarako zeharo itzalean geratu den datu bat jarri nahiko nuke agerian: Labaienen arlo militarra. Aholkulari militar gisa egin zituen 20 urte inguru, SAPAn hain zuzen ere, egunkari honetan azaldu zen bezala. Bonbak, obusak, karro blindatuak, espoletak, munizioak eta abar... Harritu baino gehiago lotsatu egin nau nola pasa diren «ñabardura» horren gainetik kazetari, politikari eta kulturgintzako adituak, besteak beste.

Non dago hemen zoru etiko hori? Denak balio al du herrigintzan? Horrelakoak izango dira gure curriculum-eko pertsonaia historikoak? Edozein enpresaren jarduna baliogarria al da diru iturri edo lanpostuak sortzeko ona den neurrian?

Tailerrak, kongresuak, mahai inguruak, ikastaroak eta foroak. Denak bakeaz, adiskidetzeaz, elkarbizitzaz... Gure gazteak eskoletan zernolako balioetan hezitzen ari diren arduratzen garen bitartean, gu helduok, zer giza eredu zabaltzen ari gara beraien aurrean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.