Zorionekoak gu, Iruñerrian bizi garenok, Argako ibai parkea gozatzeko aukera dugulakoz udazkena edo larrazkena heldu delarik. Euskaldun berria naizenez gero, euskarari ekin eta hainbat urte iraganda, deskubritu nuen ele hori: larrazkena. Larrazkena ederra da, Euskal Herrian arorik ederrena, ene irudiko. Larrazken hitza ere, eder-ederra; eta larrazkena Argako ibai parkean, zoragarria.
Larrazken hasi berrian ez dut oraino haiku edo bestelako poemarik ehizatu Argako ibai parkean, baina urtarorik politenean egonik lasai noa oinez, agertuko zait-eta baten bat. Haikurik ez, baina bidean intxaur erori berriak kausitu ditut: intxaur ale bat jaso eta moskana kentzen hasi naiz.
Moskana, bertze hitz eder bat, intxaurrak esku eta hatzetan utzi kolorea edo arrasto likatsua, garbitzen zaila dena. Moskana hitza irakatsi zidan emakumea etorri zait gogora, lankide izan nuen neska eder bat, euskaldun zahar gipuzkoarra, probintziara itzulia lekualdatze-lehiaketa baten bidez, eta aspalditik galdua dut haren arrastoa. Proust-en magdalenak nola, moskana hitzak ekarri dizkit gogora lagun horrenganako hainbat oroitzapen, oroimin eta sentimendu, buruaren txoko ezkutu batean aspalditik gordeak neuzkanak.
Ene hatz mamiak moskanez zikinak daude eta pozik noa oinez parkean barna, zaila baita kentzen moskanaren arrastoa, lagun zenbaiten oroitzapenak ezabatzea bezain zaila. Zorionekoak gu, Iruñerrian bizi garenok, Argako ibai parkea gozatzeko aukera dugulakoz larrazkena heldu delarik.