ZUZENDARIARI

M-8: Emakumeak eta kartzela

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Martxoaren 8aren baitan, Sare Herritarrak preso diren emakumeak izan nahi ditu hizpide.

Emakume izate hutsagatik eskubide urraketa handiagoa da beraien kasuan, eta zenbait egoerak berresten dute hori. Espetxeak gizonezkoen ikuspuntutik eraikita daude, eta bertako egunerokoak modu zuzenean eragiten die: espazioaren antolaketa, egiten diren tailerren izaera, janzteko dauden arauak...

Duela hilabete batzuk ezagutu genuen Granadako espetxeko emakume presoek espetxe zuzendaritzaren partetik jasaten duten jarrera matxistaren adibide garbia; izan ere, gizonen kasuan, espetxe berean ez da halakorik gertatzen. Garbiketa lanak egitera behartuak dira, eta, uko egiten badiote, isolamenduarekin zigortzen dituzte.

Emakume presoak hiru kartzela motatan sakabanatuak daude: gizonentzako kartzelen barruan egokitutako modulu txikietan, gizonezkoen makro-kartzelen barruan egokitutako kartzela txikietan edota emakumeentzako kartzeletan. Tamalez, gaur egun, hiru baino ez dira emakumeentzako kartzelak (Alcala de Guadaira Sevilla-, BrievaAvila- eta Alcala Meco emakumeak -Madril I-).

Errealitate honek baldintzak gogortu egiten ditu; izan ere, gune hauek ez diote erantzuten emakume bezala dituzten beharrei. Adibidez, ginekologorik ez dago kartzelan, eta gizonentzako produktuak soilik daude salgai. Bertako ekonomatoetan, ez dago hain beharrezkoak diren tanpoirik ezta konpresarik ere, besteak beste. Medikuarekiko bisitak izateko ere zailtasunak dituzte. Hori guztia gutxi balitz bezala, espetxeetako politikek emakumea berreztea dute xede genero rolarekin lotutako tailer eta arauak ezarriaz. Adibide gehiago: josteko tailerrak, sukaldean aritzeko lantegiak, ile-apaindegiari buruzkoak... emakumeei eskaintzen zaizkie.

Emakumeen Nazioarteko Egun honetan, bereziki 12 emakume presok bizi duten bakartze egoera salatu nahi dugu. Bete beharreko zigorraz gain, euskal presoei eransten zaizkien urruntze eta gainontzeko salbuespen neurriez gain, emakume izateagatik ezarritako zigor moralaz ari gara. Egoera honek eragiten dituen gabezia sozial eta psikologikoak mendekuzko politika baten baitan baino ezin dira ulertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.