Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), azkenaldian, asko hitz egiten da euskal harrera ereduaz. Erakundeek berresten duten eredu horrek duintasuna, eskubideak eta laguntza pertsonalizatua islatzen omen ditu. Baina nahikoa da Betoñoko (Gasteiz) eraikinaren ataripeetara joatea eredu horren aurpegi ezkutua ikusteko: Maliko dozenaka gazte, kalean lo egiten, asiloa eskatzeko elkarrizketa baten zain. Basamortuak, mugak eta itsaso hilgarria zeharkatu dituzte bizitza berri baten itxaropenarekin... eta zorua dute ongietorri bakarra. Gazte horiek Malitik Gasteizera iristeak agerian utzi du euskal harrera ereduak diskurtsotik errealitatera igaro behar duela.
Arduradun politiko batzuek, egoera horri aurre egiterakoan, esaten dute mutil gaizto horiek Espainiako Gobernuaren eskumenekoak direla. «Beste profil bat» dutela defendatzen saiatzen dira, «gure hirira irits daitezkeen eta euskal harrera sistema deiturikorako sarbidea izan dezaketen errefuxiatuena» ez bezalakoa. Hala ere, Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak honako hau galdetzen du: zer zentzutan dira «beste profil bat»? Errefuxiatuez ari gara. Malik egiturazko indarkeria, eskualdeen arteko gatazkak eta talde armatuak dauzka; ihes egitea ez da aukera bat, premia bat baizik. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 360.000 pertsona baino gehiago desplazatuta daude Malin, eta, 2013az geroztik, 90.000 maliarrek baino gehiagok bilatu dute babesa herrialdetik kanpo. Beraz, ez gaitezen nahastu, Maliko gazteek gerratik egiten dute ihes, gizarte kolapsotik, beren bizitzak arriskuan jartzen dituzten mehatxuetatik. Errefuxiatuak dira, eta hemen daude.
Eta errealitate hori onartzen badugu —hau da, errefuxiatuak direla—, ondorioa argia da: asilo eskaeren prozesuak duintasunez funtzionatu behar du. Maiatzetik, atzerritarrei dagokienez, aldaketak egon dira, eta, horiei esker, lehen baino azkarrago lor daiteke hitzordua Gasteizen. Baina horrek ez du esan nahi arreta berehalakoa denik: itxaronaldia egunak edo asteak luzatzen da... kalean. Bizitokirik gabe, bainugelarik gabe, kiroldegi batean dutxa bat hartzeko oinez 35 minutu ibili beharrean —zortea badute—; eta, janariari dagokionez, bizilagunen borondate onaren araberakoa da.Â
Non dago haientzat euskal harrera eredua? Eredua existitzen bada, mutil gaiztoak ere aintzat hartu behar dira: izapideak arintzea, itxaronaldiak iraun artean lo egiteko tokia eta oinarrizko baldintzak bermatzea, migrazioa hauteskundeetarako arma gisa erabiltzeari uztea... eta, gutxienez, komun duinak instalatzea. Izan ere, diskurtso eta dokumentuetan bakarrik dagoen sistema bat ez da eredu bat: gure hiriko kaleetan lo egiten duen errealitate lotsagarri bat da.