Zuzendariari
Manifestazioa vs inkomunikazioa
Urtarrilaren 8an, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartu nuen. Santiago J. Pedraz epailearen arabera, han egon ginenok legea hautsi genuen, presoen argazkiengatik, edo esloganengatik... Behinik behin, horiek aztertzeko eskatu du. Nik milaka pertsonaren babesa eta elkartasuna sentitu nuen. Bertaratu ginenok aurpegiak bistan generamatzan, ez baikeneukan aurpegia estaltzeko arrazoirik. Kamerek grabatu gintuzten, baina guk, bakar-bakarrik eta herri oso baten aurrean, presoen giza eskubideak behingoz errespeta daitezen eskatu genuen. Pedraz jaunak telebistetako irudiak eskatu ditu, ustezko delituak aztertzeko; nik, berriz,Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotuen inkomunikazio-aldian, eta Arartekoaren gomendioz, egin beharreko grabazioak eskatuko nituzke. Grabazio horietan, existituko balira, delituak eta giza eskubideen urraketak agertukolirateke. Arartekoaren azkeneko txostenak, atxilotuaren atxilotze-unetik epailearen aurrera eraman arteko inkomunikazio-aldirako, zera gomendatzen du: Atxiloketa bideoan grabatzea sistematikoa izan behar da, eta poliziaren egoitza eta atxiloketako toki guztiak harrapatu. Torturak, tratu txarrak eta giza eskubideen urraketak delituak dira. Baita urraketa hauek guztiak salatzen dituzten pertsonak isilaraztea eta salaketak ez ikertzea ere. Aldiz, elkartasuna eta maitasuna adieraztea ez dira delituak. Horregatik guztiagatik, euskal presook, jakin ezazue: senide eta lagunok, maite zaituztegu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu