ZUZENDARIARI

Margarita Nafarroakoaren Heptamerona hanka-motz

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Margarita Nafarroako erreginaren Heptamerona euskaratzeko asmo erraldoiari ekin, eta, azken bi urteotan, liburutto bat urteko ateratzeari eutsi diogu, aurten bigarrenez; irakurle zoliak honezkero asmatuko zuenez, Heptamerona zazpi liburukiz osatua da eta, beraz, zazpi urtean osatu beharreko lan itzela dugu.

Lehenengo liburukia iazko udazkenean aurkeztu genuen eta jendaurreko irakurraldi bat ere egin genuen Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hirurogei lagun inguruk parte hartu, eta, Booktegik bere webgunean liburua formatu digitalean behera kargatzeko urririk eskaintzeaz gain, Nafar Ateneoak ere argitara eman zuen aldizkari formatuan.

Alabaina, horrelako proiektu bat modu duin batez aurrera ateratzeko ezinbestekoa den gutxieneko diru kopurua biltzealdera, finantzaketa kolektibo bat egin genuen, bildu beharreko kopurua erdietsi genuelarik. Hori horrela, Xabier Artola idazle eta itzultzaileak bigarren liburukia osatzen duten ipuinak euskaratzeari ekin zion, jatorrizko frantsesetik.

Booktegiren eta Nafar Ateneoaren ekimenez, urriaren 29an aurkeztuko da bigarren liburuki euskaratu berria, non eta Amaiurren, baita jendaurreko irakurraldi bat egin ere. Inork zatirik irakurri nahiko balu, [email protected] helbide elektronikora egin dezala eskaera, betiere larunbat horretan irakurtzera agertzeko erabaki irmoarekin.

Proiektuak duintasunez jarrai dezan, nahiz eta Nafar Ateneoa eta Booktegi lanaz arduratu, ezinbestekoa da babes instituzionala, zeren eta Munduko literaturan klasikoa den Nafarroako Erreginaren lana izaki, Nafarroako Gobernuak badu erantzukizun instituzionala egitasmoak erreka jotzen badu; eta, argi mintza gaitezen, Heptameronaren euskarazko bigarren liburukia eginda badago ere, ez dago bideratuta ez hirugarrena, ezta hurrengoak ere... Nafarroako Gobernuak lagundu ezean, beldur naiz ez ote den Heptameronaren hutsaren hurrengoa izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.