ZUZENDARIARI

Mihia mugituz, ilusioa piztu

Lohitzune Rodriguez.
Uribe Kostako AEKideak
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskara ikasi nahi duzu, baina ez zaizkizu hizkuntzak gehiegi gustatzen. Kosta egiten zaizu ikasi beharreko arau guztiak barneratzea, eta, gainera, esan egin dizute, badakizu, ahoz aho dabil: euskara oso hizkuntza zaila da. Bai? Ziur?

Euskara edozein esparrutan gustura eta zuzen erabiltzeko gaitasuna lortzeak ez du zertan zaila izan. Ezberdina da, hori bai. Ergatiboa eta partitiboa da. AEKn badakigu hori, eta horregatik gara geu ere ezberdinak. Bakarra den hizkuntzak bakarra den metodologia eskatzen du, eta irakasle bereziak. Bik, hiruk edo hamarrek beste balio dutenak. Eurek bai, badakite, ziur daude gramatika konplexu batek ez duela hizkuntza bat zail egiten; asperdurak eta gogorik ezak dakarte zailtasuna.

Izan ere, AEKideok badakigu zientzialariei entzuten eta, horien arabera, hizkuntzak ikastean %70eko pisua dauka motibazioak. Ehuneko hirurogeita hamar! Bai. Itzela. Bada, ilusio hori bizirik mantentzea da gure helburua, motibaziorik gabe ez baitago ikasterik. Ondo pasatu beharra dago ikasteko, barre egin, algaraka! Mihia etengabe mugitu, baita gorputza ere!Gure garunak uneekin lotzen ditu eduki berriak: zenbat eta atseginagoa igarotako denbora, orduan eta azkarrago barneratuko du denbora horretan ezagututakoa.

Baina ilusioa mantentzeko ez da nahikoa bizipen onak izatea. Ikasleak ikasketa bidean erabakiak hartzeko gai dela sentitu behar du; hori dela eta, entzun egingo dizugu. Galdetu, proposatu, eskatu. Zure bidelagun izan nahi dugu, eta, batez ere, zure bidea ezin ederragoa izan dadin nahi dugu.

Gure magia egiteko ezinbestekoa zara, etorriko zara gurekin bidea egitera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.