Oraingoan ere ez dute esku-hutsik alde egin.
Oraingoan beste zazpi lagun eraman dizkigute.
Badakite mina egiten, badakite beldurra sortzen.
Eta nirekin bai, nirekin lortu dute. Haien eskuetan gerta dakienaz beldur naiz, alaba eraman didatelako mina dut erraietan.
Baina beldurrak eta minak ez naute itsutu.
Beti bezain garbi ikusten dut zer lortu nahi duten horrelakoetan.
Ezker Abertzaleak Euskal Herriarekiko duen konpromisoa hautsi nahi dute.
Ezker Abertzaleak askatasunerantz abiatutako ekinbide politikoa eten nahi dute.
Euskal Herri askea eraikitzeko dugun determinazioa txikitu nahi dute.
Eta hori ez! Hori ez dute lortu! Ekidin nahi duten horrekin erantzungo diet, erantzungo diegu!
Bide onean goazela jakiteak ematen digun kemenaz, mina eta beldurra lotu, lagunekin goxatu eta eskuak elkar gurutzatuz ekin! Zutik, Euskal Herria!
Bidea gogorra izanik ere, garaipena eskura dugu eta guztion lanaz lor dezakegu.
Ezker Abertzale osoa, gutako bakoitza, determinazio osoz, ekinbide politikoan sakonduz, oraindik konpromisohandiagoz jarri gaitezen lanean!
Bukatzeko, munduko herrietan barrena euskal ahotsa eraman eta munduko herri zapalduen ahotsa ekartzen diguzuen horiei, Askapeneko kideei, muxu bana, eta lepoan hartu eta segi aurrera!
Miren Legorburu. Ezker abertzaleko kidea.
Itsuak baino itsuago
Herenegun goizaldean itsasoak gogor astindu zuen Euskal Herriko kostaldea, Hondarribia batik bat, goizean bare-bare zegoela bazirudien ere. Olatuek sendo jipoitu dituzte haitzak. Azken horiek indartsuak izanda ere, ezin izan dute euren burua babestu. Egoera horretan kokatuko genuke hainbat urtetan Oreretako Xenpelar bertso-eskolako kide izan dugun Itsaso, haitzak bezain indartsu, baina tamalez, babesik gabe. Goizean goiz irratian Itsaso kostaldetik urrun eraman zutela aditu behar izan genuen. Olatuek, antza, haitzetan ahuldu ez, eta Euskal Herriko barnealdeko hainbat herri zipriztindu zituzten, hau da, Itsasoz gainera, beste sei kide ere atxilotu zituzten.Bertsokide, lagun izan dugunok jakin badakigu Itsasok orain arte zenbat lan egin izan duen Euskal Herria eraikitzearen alde. Euskal Herria naziotzat hartzen dugunok argi eta garbi dugu gauza asko lortu ditugula, baina oraindik bide luzea dugu kaskora, tontorrera igotzeko. Ibilbide horretan, gailurra ikusten uzten ez diguten hainbat harresi egin dizkigute. Denon esku dago harresi horiek puskatzen edo gainditzen saiatzea!
Azken asteotan, dirudienez, baikorrak izateko nahikoa arrazoi sortu dira. Hainbat alderdi politikok eta gizarte-eragilek Gernikako ituna sinatu dute. Sinatu ez dutenek, ostera, nahiago dute ezikusiarena edota entzungor egin eta oztopoak jartzen jarraitu. Euskal Herria, nazioa, herri xumea badagoela jakin arren, pastela balitz bezala, ebakiezinak diren zatiak egin nahi dizkiote.
Hortaz, gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa sakon bat egin beharko bagenu, lehenik eta behin, azpimarratu beharko genuke nahi baino jende gehiago prest dagoela ezer ikusten uzten ez dion kobazuloan olatuen indarrak elikatuz eta babestuz itsuak baino itsuago bizitzeko.
Horrelako egoeretan zaila izan ohi da senideei, lagunei, ingurune hurbilekoei hitz zuzen eta egokiak esatea. Xenpelar bertso eskolako kideok, idazki honen bidez, besteak beste, hori lortu nahi genuke, eta horretarako, Itsaso Lekuonaren senideei, lagunei eta abarri goiari eusteko esan eta muxu handi bana eman nahiko genizkieke, baita atxilotu dituzten gainontzeko kide guztienei ere, inongo zalantzarik gabe. Bestalde, itsuak baino itsuago bizi direnak ea noizbait ohartzen diren Euskal Herria zain dugula.
Kepa Isasi. Xenpelar bertso eskolako kideen izenean (Errenteria).
'Betokerrak'
Herenegungo Bira-n, horrela ikusten gintuen Itxaro Bordak, eta guztiz ados nago. Benetan, atzo, greba eguna, berrirakurtzea ezinbestekoa iruditu zitzaidan.Iparraldekoek beste bi greba deialdi dituzte, urriaren 2an eta 12an. Hemen, Hegoaldean zer?, noizko?, nortzuk?, noren aurka?
Zorionak LABeko Iparraldeko militanteei. Nire kuota gozoz ordainduko nuke Baionako egoitzan.
Alex Sanz. Loiu.