Iruñea

Nafarroarentzako lotsa

Joxe Fermin Lizarraga Lazkano
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Maria Camino Oskoz, maistra ezkertiarra izateagatik 1936ko abuztuaren 10ean bortxatua izan ondoren eraila. Maravillas Lamberto, 14 urte zituela, Maria Camino baino bost egun beranduago bere aitaren aurrean behin eta berriz bortxatua izan ondoren harekin batera eraila. Iturengo Pedro Maria Gorostidi medikua eta Juan Bautista Iriarte, biak 1936ko irailaren 28an, Lesaka inguruan, abertzale euskaldunak izateagatik erailak. Valcaldera, Eloko Teileria… 1936ko altxamenduaren ondoren Nafarroan izandako eraildakoen zerrenda bukaezina da, hiru mila ederki luzeak; fronteetatik urrun, armagabeak, harrapakin errazak. Haiei fronteetan hildakoak gehitu behar zaizkie, baita altxatuen bandoan hildako hainbat ere; asko eta asko behartuta eraman baitzituzten. Isilduak eta luzaroan ahaztuak izatera kondenatuak guztiak.

Armada espainiarrak falangisten, elizaren eta batez ere karlisten laguntza ezinbestekoarekin Nafarroan egin zuena adjektibatzea zaila zait benetan, baina laudatu, behintzat, nik ez nuke eginen.

Iruñera joan izan naizen askotan, Karlos III.a etorbidearen garai alderantz begirada altxatu, eta kalea ixten duen eraikin handi, goibel eta beldurgarri bat ikusten dut, altxamenduaren arduradunak eta haien gurutzada laudatzeko eraikia. Ez da kalea eraikinak ixten duen gauza bakarra, askeak izan beharko luketen gure pentsamenduei galga jartzea izan baita haren eginbehar nagusia; beldurraren bitartez, noski. Egindakoa ongi egon zela argi uzteko ezarria baitago hura Nafarroako hiriburuaren erdigunean, ikusten dudan aldiro «berriz ere eginen genuke» mehatxari bat susmatzen dut airean.

Iruñeko Udalaren osaera berria dela eta, dirudienez berpizten ari da Erorien Monumentuaren inguruko eztabaida. Eraitsi, ala nolabaiteko itxuraldaketa batekin beste esanahi bat eman?

Horren helburu zehatzarekin diseinatu eta eraikitako zerbaiti beste esanahi bat ematea ezinezkoa izanen da; svastika nazi bati beste esanahi bat eman nahi izatearen parekoa. Espainia aldean oilartzen ari da, berriro ere, beti eskuinaren babespean egon den eskuin muturra; aukera ederra dauka Iruñeko Udalak haiei muga jartzeko, eraikin itxuragabe eta mingarri hori botata. Batzuk lehen bezain harro, zauri zaharrak ezin itxi besteak, lotsatuta eta baita beldurrik ere hainbat; orain arte ikusi duguna ikusten segituko dugu denek, eraikin anker horren harri bat bestearen gainean dirauen bitartean.

Legez Iruñeko Udalari dagokio ardura, baina Nafarroako luze-zabal guztian sentitzen dugu lotsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.