ZUZENDARIARI

Nerea gaztetxoa

Auritz.
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Orain dela egun gutxi, Iruñeko Yamaguchi parkean barna nenbilela, une jakin batean, bidegurutze batean gelditu nintzen pertsona bati itxaroteko, Golem Baiona zinetokien aldean, eta orduantxe ikusi zintudan lehenengo aldiz. Txikitxoa zinen. Hogeitaka urtekoa, pentsatzen dut. Bi makulurekin zenbiltzan, burua aurrerantz botata eta oinak atzetik, erdi arrastaka, modu astunean zihoazela. Oso astiro eta nekez mugitzen zinen; zure ibilerak ia-ia dortoka batena gogorarazi zidan. Neronek bizpahiru aldiz begiratu nizun bestela bezala, lotsati, eta zerorrek niri beste hainbestetan, baina disimulurik gabe, naturaltasunez eta alai.

Horrela bukatu zen goizeko lehen elkar ikuste hura. Baina, egun hartan bertan,berriz ere egokitu zitzaigun handik barna igarotzea, eta hara non, berriro ere goizeko leku bertsuan zindoazen oinez, modu berean. Guk, poliki-poliki aurreratu zintugun, eta zerorrek hainbat begirada atsegin eta xalo egin zenizkigun.

Biharamunean, toki berean paseoan genbiltzala, hantxe ikusi zintugun oinez, astiro-astiro, gure alderantz zentozela, zerorren makuluekin, berriz ere burua aurrerantz eta oinak atzetik jarraika arrastaka, astun, baina alai eta pozik. Bide ondoan, plastikoren bat ikusten zenuenean, bidexkatik desbideratu, atera eta plastikoetaraino hurbiltzen zinen, egonarri handiz, nekez makurtueta plastikoak jasotzen zenituen, geroxeago paperontzi batean sartzeko.

Minutu batzuen buruan, gureganaino iritsi eta oso adeitsu agurtu gintuzun. Nerea zenuela izena esan zenigun. Euskaraz ez zenekien. Adina galdetuta, urtebete zenuela esan zenigun. Argi dago, Nerea, elbarritasun fisiko batzuk edukitzeaz gain, buruko ez-gaitasunen bat ere bazenuela, baina zure aurpegia alai, garbi, pozik eta zoriontsua agertzen zen.

Geroxeago kontatu zenigun handik ahateak dauden urmaeleraino joaten zarela, hegaztiak ikustera, eta handik, poliki-poliki, etxeraino. Eta hori egunero egiten omen duzu. Halaxe, han utzi zintugun, Nerea, zure ibilaldi lasaian, eta orduan konturatu nintzen pertsona batzuk zeinen gutxirekin konformatzen zareten, zeinen gutxirekin zareten zoriontsu-edo, eta zeinen erraz oparitzen dituzuen irribarreak, eta beste batzuk, ordea, nahiz eta askoz ere gehiago eduki, ez gara konformaerrazak, ez oso zoriontsuak eta ezta oso alaiak ere. Ai!, zenbat ikasi beharko genukeen zuengandik, Nerea, atsegina!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.