Irun

Noiz da euskararen eguna?

2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskertu beharrekoa da zinez erakunde, elkarte nahiz herritar askok urtean zehar eta egunero egiten duten ahalegina. Ahaleginak, ordea, hamahiru izanik, badira eginkizunak, jakitetik erabileraren arteko zirriztu sakona bete ahal izateko.

Euskararen Eguna iristean, urteroko erreibindikazioa plazaratzeko abagune ezin hobea izaten da, baita kontzientziak iratzartzeko ere. Hala ere, euskararen bidean etengabeko oztopo eta murrizketak agertzen dira erabilpenak legearekin topo egiten duenean. Baina kontuz! Erabiltzeko aukera izan, debekurik izan gabe, eta erabiltzen ez duenak zer erreibindikatu behar du?

Tarteka Eustatek eta UEMAk euskararen inguruko datu esanguratsuak argitaratzen dituzte eta, sarritan, ustez harro antzean genbiltzanok muxintzeko moduko ondorioen berri jakiten dugu, zeren dakitenen eta erabiltzen dutenen arteko etena gero eta zabalagoa baita.

Herri handietan nabarmentzen da batik bat hori, baina ezin ahaztu berrogeitaka urtez euskal arnasguneetan —ustez murgiltzeko gunerik egokienak— bizi izan direla oraindik euskaraz egiten ez dakiten asko eta, bidenabar, ingurukoak erdaraz jardutera behartzen dituztenak.

Urtean behin dugun egunaren indarra eta bultzada baliatu egin behar da; bestela, Agur, Zorionak zuri eta Joxan Artze zenaren Txoriak txori abeste hutsarekin, euskararekiko zorrak kitatuta ditugula pentsatu genezake eta lasai asko lo egin.

Itxaropenik ez galtzeko, hitz egitea bezalakorik ez dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.