ZUZENDARIARI

Nola ez dakigun hori

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun

Adituak bildu ziren Arantzazun, eztabaidatu nahian EAEko energia elektrikoaren beharrak nola ase, hori zen asmoa. Pentsatu zuten haize-erroten bitartez etxebizitza guztiak hornitzea, elektrifikazioa errazagoa baitzen eta kontsumo guztizkoaren %12a zelako. Horretarako, kalkulatu zuten 2.760 MW-eko potentzia instalatua egon beharko litzatekeela eoliko guztien artean.

 

Baina arazo handi bat zegoen. Eolikoak EAEko landa eremuetan eta mendietan sakabanaturik egonez gero, eragin kaltegarri askoren ondorioz —tenperaturaren igoera, besteak beste—, insektu asko desagertuko lirateke, erleak batez ere, eta polinizazioa kinka larrian jarriko lukete. Orduan pentsatu zuten hobe izango zela eoliko bakar bat eta erraldoia egitea. Azken finean, eolikoaren diametroa eta energia sortzeko gaitasuna bat datoz. Horrela, eremu bakarreko insektuak bakarrik kaltetuak izango lirateke, eta, bide batez, eolikorik handiena fabrikatuz gero, mundua liluratuko lukete. Haize errota horren diametroa 3.220 metrokoa izan beharko litzateke. Itzela!, Gora energia berriztagarria!, Biba gu! Adituak pozarren zeuden.

Hautsak harrotu zituen proiektua izan zen —baina non kokatu? Inork ez zuen nahi bere herriaren inguruan—. Hauteskundeak egin ziren, baina inor ez zen ados jarri. Demokratikoki ezinezkoa zela ikusita, adituak bildu ziren berriro, eta hiru eoliko erraldoi egitea proposatu zuten. Hiru lurralde historikoko hiriburuetan bana jarri, hain juxtu. Tirabirak ere sortu ziren, baina azkenean hiru aldundiek onartu zuten haize-errota bana jartzea, 1.860 metroko diametrokoa. Proiektu hau ere ez zen makala, eta munduaren ikusmira erakarriko luke honek ere.

Hiru eoliko egiteak abantailak zituen. Batetik, hiria bera izan zitekeen estrukturaren oina; beraz, porlanezko tona gutxiago beharko lirateke. Eta, bestetik, kontsumo handitik gertu egongo lirateke. Zer esanik ez turismoaz! Turismoak eskertuko lituzke. Pertsona askok ikusi nahiko bailituzke makroestruktura horiek, zeinak espaziotik ere ikusiko liratekeen. Eta euliak, erleak, txoriak eta landa eremuko gainontzeko animaliak, ez lirateke kaltetuak izango.

Eta heldu zen egun handia. Martxoaren 3an, arratsaldeko hiruretan, eta mundu guztiaren begien aurrean, hiru megaegiturak haizearen alde zeuden jarrita, eta hiri bakoitzeko alkatea botoia sakatzeko prest. Atzerako kontua hasi zen, «...five, four, three, two, one!». Su-artifizialak zeruan, hiru hirietako musika bandak aldi berean jotzen hasi ziren Europako ereserkia, banderak non-nahi, gonbidatuak halako mirarei begira... Baina megaestrukturak ez ziren mugitu inolaz ere. Isekak, haserrea eta abarrekoak entzun ziren. Buruzagiek, lotsatuta, barkamena eskatu zuten munduaren aurrean, eta egitasmoaren zuzendariaren dimisioa eskatu zuten.

Berriro bildu ziren adituak kasua aztertzeko. Faktore askok esku hartzen zuten. Bata, hegalen pisua handiegia zela, hori bazekiten. Beste bat, haizeak ez zuela modu egonkorrean jotzen gainalde osoan, bazekitena edo susmatzen zutena. Baina ez zekitena zen haizearen joera eta eragina nolakoa izango zen hain egitura erraldoietan. Azken finean, historian horrelako zerbait egin zen lehen aldia izan zen. Horrela sortu zen Haizea eta egitura erraldoiak katedra. Ondorioa izan zen lagundu egin behar zietela martxan jartzeko. Horretarako potentzia handia behar zenez, ez zegoen bermatuta energia horren berriztagarritasuna. Hala ere, urte batzuetan ibili ziren lanean, zeukaten tamainarako energia urria sortzen, haize egokia egiten zuenean, jakina. Azkenean, gelditu egin behar izan zituzten, arazo askorengatik. Eta hor daude, turismoa erakartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.