ZUZENDARIARI

Onkologikoa

A. Mendiola eta beste 42 sinadura.
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Onkologikoko fakultatiboak, zentroaren etorkizunaren inguruan mantentzen diren zalantzen aurrean, iritzi publikoari eta erakundeei zuzendu nahi gatzaizkie berriro. Duela ia bi urte, antzeko egoera batean, fakultatiboek kezka azaldu zuten adierazpen batean, Kutxa Fundazioaren menpe dagoen zentro honek duen ustiapen defizitaren aitzakiarekin, eta Osakidetzaren asistentzia egituraren parte ez denez, Onkologikoan ezarri nahi zen dinamika pribatizatzaileagatik.

Zentroaren bokazio historikoa, 1933ko bere sorreratik, gipuzkoar eta euskal gizarteari zerbitzu publikoa eskaintzea izan dela nabarmendu genuen orduan. Eta bere helburu naturala Osakidetzan funtzionalki eta materialki txertatzea zela, Donostia Unibertsitate Ospitaleko unitate espezialdu gisa eta bertako onkologia unitateekin koordinatuta lan eginaz.

Zentzu berean, eta bi aldiz, agertu zen Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkura. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aukera hori baztertu egin zuen. Ordez, indarrean zegoen hitzarmena zabaltzea eskaini zuen, horrela pazienteen %80 eta aurrekontuaren %85 hartuaz, Onkologikoaren «egonkortasun ekonomikoa eta asistenziala» bermatzen zituela ziurtatuaz.

Hitzarmen berriak Donostia Ospitalearekin koordinazioa hobetu duela egia izan arren, ez du oinarrizko arazoa konpondu; hau da, Gipuzkoan ematen den arreta onkologiko publikoaren bateratzeari heltzea, planifikazio eta asistentzia mailan. Egoera honek, zentroaren ustiapen defizitak mantentzean, beste finantzabide batzuk bilatzera behartu du zuzendaritza, instalazioak zentrokoak ez diren espezialistei alokatzea bere paziente pribatuen ebakuntzetarako edo, azkenaldiko proposamena, Onkologikoaren barruan marka berri bat sortzea (LOGIK), Aseguruei eta paziente pribatuei bidea errazteko.

Norabide honek duela laurogei urte baino gehiago jaio zen Institutu Onkologikoaren eta, Kutxarena izan arren, hark orain arte mantendu duen espiritu eta bokazio publikoarekin hausten duela uste dugu. Eta okerragoa dena, pribatizatze dinamika honek jarraituz gero, Onkologikoa Osakidetzaren asistentzi egitura guztiz integratutako zentro publikoa bihurtzearen ezinbesteko bidea eragotz dezake. Hori izan da beti, berriro diogu, zentroaren bokazioa eta fakultatiboen borondatea eta konpromisoa: gipuzkoarrei gizatasun eta teknika mailan kalitate handiena eskaintzea, Osakidetzako lankideekin elkarlan estuan.

Berehalako integrazioaren zailtasunak uler ditzakegu, baina, hori ez bada posible, exijitzen dugu Onkologikoaren publikazioaren prozedura burutzeko egutegi argi eta urrats zehatzekin. Larritasun handiagoko arazoei aurre egin zitzaien antzinako ospitale probintzialak integratzeko. Bada, ez da txikiagoa betikoa izan den Onkologikoaren eta bere fakultatiboen borondatea: zerbitzu publiko bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA