Zubieta

Osakidetzaz

Edorta Agirre
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osakidetzaren funtsa mamitsua da. Herritarren osasunaz arduratzea, bai; baina «kidetza» hori askoz inportanteagoa da: kideak, laguntxoak egin, eta laguntxoei laguntza ematea.

Argiago azaltzeko: Pasaiako portuan, tarteka, txatar pila erraldoiak ikusi izan ditugu, iraganean. Pila haiek herritarron begi-bistan zeuden, nabarmen, eta guk: «Hara!, super-portu bat behar dugu, txatar hori guztia prozesatzeko, portu honekin ez da nahikoa». Gerora, ikusi da Pasaia ia hutsik dagoela beti, mugimendua urtero %4,5 igotzen ari bada ere. Klaro: 4,5 X 0,0001 = 0,0... Super-portu hura alferrikakoa zen, alegia.

Osakidetzarekin antzeko zerbait gertatzen da, ezta? Erakunde publikoarekin aski ez, eta pribatuaren laguntza jaso behar du. Herritarron poltsikotik.

Osakidetzaz arduratzen den goi-mailako politikaria dezente ari da agertzen ETBn. Akaso horregatik doa Osakidetza gaizki: lanean aritzeko astirik ez duelako. Lanean jardun ez, lanak atzeratu, pilatu, egia esatera ausartu ez...

Oraingo baliabideekin Osakidetza iraganean eredu izan da osasun artapenean. Baliabide berriak (pertsonala) sartzeko garaian, lehentasuna laguntxoei, familiartekoei, zordunei (inoiz, azterketetan tranpa eginez), etab. emanik, zerbitzuaren kalitatea hondoratu egin da, gestio txar-txarraren erruz.

Estatistikak egiez bete behar dira: hamazazpi hilabete itxoin ditut besaburua operatzeko. Orain, urtebete aldakako ebakuntza egiteko. Zerbaitek esaten dit zuen arteko norbaitek askoz ere gutxiago itxaron beharko zuela kasu hauetan.  

Arduraduna nor da, medikua, erizaina, eguraldia...?

Beharbada, Euskal Herriko zatitxo honen ongizatearen mesedetan, hobe litzateke merezi duten pertsonak aukeratzea, karnet jakin baten jabe diren begiratu gabe, baina...

Animatu, Sagardui. Eman dimisioa eta utzi ardura beste norbaiten eskuetan, porrota ikusirik, Nekane Murgaren tamalezko kasuan gertatu zen bezala. Lanagatik, ez kezkatu: ETBn, adibidez, izango duzu eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.