Martxa Gazara

Palestinar herriak eutsi egiten diolako, jarraitu beharra dugu

Alazne Auzmendi Cuevas, Bego Oleaga Erdoiza, Gurutze Morado Ibargutxi eta Melisa Perez Garcia
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hemen gaude, lurralde historiko honetan, arima minez eta amorruz beteta. Gazara Martxa Globalaren parte izan gara, helburu sendo batekin: blokeoa haustea, genozidioa salatzea eta Israelgo Estatu genozidarekiko konplizitate oro amaitzeko eskatzea.

Baina ez dugu lortu. Blokeoak bere horretan jarraitzen du. Mugek itxita jarraitzen dute, pasabideak zaintzapean daude, ahotsak isilduta; eta Gazako herria, sarraskitua. Egiptoko Gobernuak, sionismoarekin aliatutako beste gobernu batzuen babesarekin, jazarpenekin, atxiloketekin, indarkeriarekin eta isolamenduarekin erantzun du.

Hala ere, horma fisikoa eraitsi ez badugu ere, hautsi egin dugu zegoen isiltasun handia. Martxa hau ez da ibilaldi hutsa izan. Desobedientzia, duintasun eta oroimen biziko ekintza izan da.

Gure aurrean, Keops: botere petrifikatuaren sinboloa. Atzean, Gaza: bizitzaren sinbolo erresistentea.

Jarraitu beharra dugu. Palestinar herriak eutsi egiten diolako. Erresistentzia horri laguntzeko eta eraginkorrak izateko, antolatu egin behar gara, eta borroka gure errealitate hurbilenetara eraman. Modu globalean pentsatzea ez da nahikoa. Tokian bertan jardun behar dugu.

Martxa hau beharrezkoa izan da. Indartsua izan da. Hazi bat izan da. Baina hazi horrek fruitua emango du soil-soilik baldin eta gure plazetan, gure auzoetan, gure eguneroko borroketan ernatzen bada (boikota, armen merkataritza eta ekoizpena salatzea, gure erakundeei presioa egitea...).

Ez baita soilik Israel genozidioa egiten duena. Gobernu konplizeen nazioarteko sare batek eusten dio, eta zuritu egiten du. Aliantza militar bakoitza, merkataritza tratatu bakoitza, arma bidalketa bakoitza, isiltasun instituzional bakoitza apartheidaren horman dagoen beste harri bat da.

Horregatik, Israelgo estatu genozida salatzeaz gain, hura armatzen, finantzatzen, legitimatzen eta isilarazten duten gobernu guztiak ere salatzen ditugu. Gure borroka haien konplizitatearen aurkakoa ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.