ZUZENDARIARI

Pasaporteak

Naiara Alvarez.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Azken asteotan dezenteko polemika zabaldu da gizartean, eta batez ere sareetan, hainbat pertsonak eta mugimenduk COVID pasaporteariPasaporte Nazi deitzen diola eta. Alderaketa honek funtsik ote duen ikusteko, aztertu ditzagun testuinguru historiko, geografiko eta soziopolitiko oso ezberdinetan agintariek ezarri dituzten tresna horietako bakoitza:

1. Alemania Naziko agiriak: Ahnenpass (arbasoen ziurtagiria/pasaportea).1933an Naziek Alemaniako hauteskundeak irabazi ondoren indarrean jarritako lehenengo neurrietako bat izan zen hau; pasaporte honek arbaso arioak izatea (aitona-amonen 3/4) ziurtatzen zuen, eta beharrezkoa zen, administrazio publikoan, osasunean, eta hezkuntzan lan egiteko. 1935eko Nurenbergeko Legeetatik aurrera, agiri horren bidez frogatzen zen Reicheko hiritartasuna beharrezkoa izan zen eskubide politiko eta sozialen jabe izateko. 1938tik aurrera, juduei (gero ijito eta beltzei ere) antzoki, zinema, kiroldegi eta jatetxeetara sarrera debekatu zitzaien, baita eskola eta unibertsitate publikoetara ere. Ideologia Naziaren arabera juduak gizartearen gaitz guztien jatorria ziren. Denok dakigu hortik urte batzuetara zer gertatu zen.

2. COVID pasaportea: COVID pasaportea 2021eko udatik Europako hainbat herrialdeetan hedatzen ari den ziurtagiri digitala da, COVID-19aren aurkako txertoak dituztenek lortzen dutena. Ziurtagiri hau beharrezkoa da hainbat lekutan sartzeko, eta honen erabilerak herrialde bakoitzean ñabardura ezberdinak ditu. Euskal Herrian kiroldegi, antzoki, zinema, kultur ekitaldi, taberna, jatetxeetan sartzea ahalbidetzen du, eta ospitale eta kartzeletara senideen bisitan joatea; debekatuta daukate ez-txertatuek. Europako eta Ameriketako herrialde batzuetan txertatua egotea derrigorrezkoa da funtzio publikoko lanbideak betetzeko.

Ezberdintasunak ezberdintasun, eta dokumentu bakoitza bere testuinguruan ulertu behar bada ere, ukaezina da antzekotasun nabarmenak daudela bi kasuen artean: gizartearen gutxiengo bati hainbat lekutan sartzea debekatzen zaio, eta lanpostu publikoetatik kanpo uzten da (azken hau herrialde batzuetan soilik, momentuz). Ezberdintasun nagusia neurri hori jartzeko agintariek erabilitako arrazoietan dago: Alemaniako kasuan arrazoi etnikoak ziren nagusi (odol garbitasuna eta osasuna ere aipatzen zituzten); COVIDPass-ean osasun arrazoiak omen dira nagusi (arrazoi zibikoak eta ordena publikokoak ere aipatzen dituzte).

Zientzialariek eta datuek frogatu dute txertatuek, ez-txertatuek bezala, kutsatzen dutela eta kutsatzen direla, gaixotzen direla eta ospitalean larri amai dezaketela, baita hil ere. Beraz, agerian geratu da ziurtagiriaren erabilerak ez duela osasun mailako arrazoimenik. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jose Luis Quintas-ek garbi esan zuen Radio Euskadin: «COVID pasaporteak ez ditu osasun mailako helburuak, helburu zibikoak baizik».

Izenak izen, izana da hemen garrantzia duena: gizartearen %10 bizitza sozial, kultural eta kiroletik kanpo uztea bazterkeria justifikaezina da. Noiz arte onartuko dugu hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.