Gora Gasteiz mugimenduko emakume aktibistak

Pertsonak dira, ez «giza termitak»

Rosabel Argote, Ainhoa Garagalza, Zuriñe Martin, Esther Perez, Maria Avila, Montse Viloria eta Ane Zelaia
2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

David Gonzalez kazetariak La ruta de la chatarra robada izeneko artikulua argitaratu zuen joan den igandean, ekainaren 8an, El Correo egunkarian (Arabako edizioan). Bertan, esaten zen Gasteizko fabrika abandonatuetan kableak edo txatarra lapurtzen zituzten pertsonak «giza termitak» direla. Hori ez da metafora xaloa. Gizatasuna galtzea da. Eta ez da berria: baliabide gutxiago dituztenak askotan izurrite edo erlauntz gisa erretratatu izan dira zenbait hedabidetako kazetaritza kontakizunetan.

Adierazpenak, pertsonak animalia bihurtzeaz gainera, lehendik kalteberak diren kolektiboen gaineko estigma indartzen du. Bereziki —kasu honetan bezala— haien jatorria edo nazionalitatea beharrik gabe azpimarratzen denean, jatorri geografikoak jokabide bat zehaztuko balu bezala, delitua ezaugarri genetiko bat balitz bezala, eta ez egiturazko faktore askoren emaitza: pobrezia, bazterkeria, erakundeen utzikeria.

«Giza termitei» buruz hitz egitea mespretxutik hitz egitea da. Baina baita kobrea edo kableak inoiz bilatu behar izan ez dituenaren erosotasunetik ere, kilogramoko 1,80 euroko zenbateko irrigarrian saltzeko, artikuluak azaltzen duen bezala. Kontua ez da legez kanpoko egintzak justifikatzea. Kontua testuinguruan kokatzea da, eta, batez ere, gorroto diskurtsoa ez sustatzea. Kazetaritzaren lana ez da gizartearen haustura larriagotzea, hura ulertzen laguntzea baizik.

Diskurtso ultraeskuindarrek, hain zuzen ere, migratuak eta errefuxiatuak kriminalizatuz indarra hartzen duten garaiotan, premiazkoa da begien bistako gauza bat gogoratzea: txatarra jasotzen dutenak, baztertutako gizartearen ertzetan gaizki bizi direnak, ez dira termitak. Pertsonak dira. Auzokideak. Herritarrak. Eta merezi dute halakotzat hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.