ZUZENDARIARI

Politikari batzuek ere 'payola' egiten dute / Gaur greba egiteko nire arrazoiak / Herrien arteko elkartasunaren kriminalizazioari ez!

Xabier Soto. Jose Angel Izquierdo. Komite Internazionalistak
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun

Zuzendariari

Politikari batzuek ere 'payola' egiten dute

Pasa den astean Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa-ren inguruan Vocento taldeko egunkarietara filtratutako berria irakurtzerakoan, Berri Txarrak-en azken diskoaren izena etorri zitzaidan burura: Payola; musika talde batek irratiko aurkezle bati bere kantak jartzeagatik dirua ordaintzeaz hitz egiteko erabiltzen den termino ingelesa.

Esan beharrik ez dago egungo alderdi ezkertiar subiranisten arteko elkarlanak etorkizunean euskal gizartea itxaropenez beteko duen tresna berri eta berritzaile bat sortzeko balio dezan politika egiteko modu hauek errotik amaitu behar ditugula.

Izan ere, euskal jendartea ez da atzo goizean jaioa, eta Payola diskoaren bigarren kantak hasieran dioen bezala: «Politika merkea garesti irteten da».

Xabier Soto.Alternatibako kidea.

Gaur greba egiteko nire arrazoiak

Uda aurretik garbi neukan irailaren 29an greba orokorra egin behar zela, eta pentsatzen nuen, sindikatuen arteko diferentziak handiak izan arren, LABek eta ELAk eta euskal gehiengo sindikala osatzen duten gainontzeko sindikatuek, ekainaren 29 greba orokorra egitera deitu zutenek, orain ere deituko zutela beren planteamendu propioak sustatuz.

Horrela pentsatzen nuen; izan ere, greba arrakastatsua izan bazen ere, erreforma laboralak bere bidea egiten jarraitu zuen eta, aurreikusi zen bezala, okerrera jo zuen. Sindikatuek, sindikatu guztiek esaten dute, eta horrelaxe da, hau da Euskal Herriko eta Estatu Espainol osoko langile guztien aurkako «erasorik handiena» (kaleratzea are errazagoa egiten du; hitzarmenei enpresak muzin egitea ahalbidetzen du; ABLEei eskumen gehiago ematen dizkie eta horrela prekarietatea areagotzen du; langabezian dauden langileak zigortzen ditu...).

Garbi, oso garbi daukat, eta pentsatzen nuen greba batekin aski ez bada mobilizazioak jarraitu egin behar duela, eta hauxe zen aukera bat gehiago. Eta oso garrantzitsua.

LABek eta ELAk greba ez zutela bultzatuko adierazi zutenean, deserosotasun larria sartu zitzaidan barrura. Eta ez CCOO eta UGTri egiten dizkieten kritikengatik, kritika horiekin bat bainator. Sindikatu hauek eraman duten elkarrizketa sozialaren politikak erakarri duen egoeraren erantzule baitira, erreforma bata bestearen ondoren denbora daramagu eskubideak galtzen eta lan baldintzak okerrera egiten. Patronalarekin egiten dituzten trapitxeo-ekin, langileen formazioaren aitzakian, milioika euro eskuratu dituzte; erretiroen gaian egiteko asmo duten mozketak gobernu eta enpresariekin adosteko mahai berean daude; eta hitzarmenak estatu mailan zentralizatzeko asmoarekin euskal langileriaren erosketa-ahalmena galaraziko digute, Almeria edo Badajozeko egoerarekin parekatuz (eta hauxe da ongi esplikatu dezaketena SABECO-Oreretako langileek). Eta, gainera, greba hau nahiko berandu iristen da, beranduegia agian.

Deserosotasuna, batez ere, ikusirik, berriro ere, desberdintasun sindikalei lehentasuna ematen zaiela, erantzun ahal den erabatekoena emateko beharraren kaltean. Eta ez zait baliagarria egiten esatea jadanik hemen bi greba orokor egin direla. Erasoak jarraitzen du, geroz eta gogorrago, eta erantzuna ezinbestekoa da.

Deserosotasuna estatuko lurraldeetan zeharreko jende borrokalariengan pentsatzen dudanean ere. Badago-eta horrelakoa, eta uste dugun baino gehiago. Horiek aldarrikatu dute mobilizatzeko beharra eta neurri hauen eta beste batzuen aurka borrokatzeko beharra, saiatzen ari dira eta hemengo grebak jarraitzeko moduko eredu bezala ikusi dute. Ulergaitza egingo zaie sindikalismo borrokalari eta errebindikatiboa gehien aldarrikatzen dutenak greba honetara ez biltzea.

Deserosotasuna, azkenean, nire kontzientzia (greba egin behar dela iruditzen baitzait) eta nire militantzia sindikalaren, hau da, nire sindikatuak dioenaren artean dagoen eztabaidagatik.

Pentsatzen dut mobilizazioa eta borroka direla bidea, horiek direla langileok ditugun tresnak gure bizi-baldintzak hobetzeko, erreforma hau geldiarazteko (eta ez dezagun ahaztu erreforma hau datozen beste gogor edo gogorragoen hasiera baizik ez dela: pentsioen erreforma, osasun alorraren merkantilizazio eta pribatizazioa, mota guztietako babes sozial publikoen hondorapena... urte honen bukaera baino lehenagorako jadanik abisatuak).

Garbi gera dadin, nire kontzientziari kasu egitea erabaki dut, eta 29ko greba orokorrean parte hartuko dut. Nire sindikatu lagunekiko eta hartuko duten jarrerarekiko errespetu guztiz. Baina, argi dago, kasu honetan, ez nator bat jarrera horrekin.

Jose Angel Izquierdo. Pasaiako zamaketarien ordezkaria.

Herrien arteko elkartasunaren kriminalizazioari ez!

Atzo, Askapena erakunde internazionalistako zazpi kideren atxiloketen albistearekin esnatu ginen. Internazionalismoaren aurkako eraso berria dugu hau; herrien arteko elkartasunaren adierazpenaren aurkako erasoa, alegia.

Zoritxarrez, ohitura bihurtzen ari zaigun errepresio-estrategia makur eta ero honetan, orain internazionalismoari tokatu zaio. Polizia-etxeren batean atxiloturik eta inkomunikaturik daudenen delitua «munduan edonon eta edonoren aurka gertaturiko edozein injustizia bere egitea da», Chek berak esan zuen bezala.

Azken garaian, herri honetan gertatzen ari diren aldaketen aurrean, Espainiako gobernua galdurik dabil, eta bere erantzun bakarra errepresioa zentzugabeki areagotzea da.

Herrien arteko elkartasuna mundu hobe baten aldeko borrokaren berezko ezaugarria da. Gure Alfonso Sastre maitatuak behin esan zuen bezala, ezker bat internazionalismorik gabe iruzurra besterik ez da, eta gu ez ginateke ezer izango.

Nola ez egin gureak beste herrien eskubideen aldeko borrokak!

Nola ez kontuan hartu beste lekuetako injustiziaren aurkako borrokak!

Komite Internazionalistetatik gure babes osoa adierazi nahi diegu gure Askapeneko neba-arrebei. Egin duten guztia guk ere egiten dugu, eta eutsiko diogu.

Beste herrien borrokak kontuan hartu barik ezin delako mundu justu bat lortu, ezta gure herria eraiki ere, Askapena aurrera! Internazionalismoa aurrera!

Komite Internazionalistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.