ZUZENDARIARI

Sinboloen garrantziaz

Antzuola.
2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bandera espainiarra gure instituzioetan ikustean asaldatu egin ohi gara, gure herriaren aurkako eraso zuzentzat hartzen baitugu. Erreakzio hori ez da horrenbestekoa sinbologia frankistaren aurrean. Hala ere, memoria historikoa lantzen diharduten taldeei esker errealitate hau ere azaleratu egin da azkenaldian.

Badaude horiez gain ezkutuago dauden sinboloak, eta esango nuke larriagoak direla, ez baikara konturatzen gure begien aurrean ditugula eta gure izaeraren sustraietan sartu dizkigutela. Azken hauek erakusten digute espainiarrek martxan jarritako asimilazio prozesua bere fruituak ematen ari dela.

Baieztapen honen adibide garbia dira Antzuolako armarrian orain arte izan ditugun hamabi kanoiak, azaroaren 4ko udalbatzarrean zorionez gure armarri ofizialetik kendu direnak. Hamabi kanoi hauek errege katolikoen alaba zen Juana la Locak ezarri zituen Gipuzkoako armarrian, gipuzkoarren eta nafarren arteko Belateko sasi-guda gogoratu nahian, euskaldunen arteko zatiketa betikotzeko asmoz. Orduan ere argi ibili ziren espainiarrak divide y vencerás leloa aurrera eramanez.

Zatiketa asmo hauen berri bazuen Agirre lehendakariak, eta 1936ko urriaren 19an dekretu bidez «euzkoen anai arteko gudak oroit-erazten dituzten xeetasunak kenduta» gelditu ziren, Eusko Jaurlaritzaren armarrian Gipuzkoari zegokion eremutik hamabi kanoiak ezabatuz.

1979an Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere, Agirreren bideari jarraituz, Gipuzkoako armarritik kanoiak kendu zituzten. Ondoren etorri ziren Lizartza eta Zizurkil; Antzuola zen kanoi hauek zituen azken herria, eta orain antzuolarrok ere eman dugu pausoa. Agirrek hasitako bideari bukaera eman zaio beraz.

Zirkulu bat itxi da, baina oraindik sinbolo arrotz asko ditugu ezkutuan. Adibidez, konturatzen al gara Errealeko kamiseta janzten dugunean bihotzaren parean Borboien koroa daramagula?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.