Azkoitia

Sokamuturraren ad(arrak). Erritu zaharrak, erronka berriak

Iraitz Otaño
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sokamuturra askorentzat festa dibertigarria da, baina antropologia feministaren begiradatik beste zerbait ere bada: gizon izatearen froga soziala. Herriko kaleetan zezenari aurre egiten dioten gazteek ez dute soilik emozio bila jokatzen; komunitateak saritzen duen maskulinitate eredua berritzen ari dira.

Maskulinitate hegemonikoan ausardia, indarra eta arriskua dira balio nagusiak, eta beldurra erakusten duenak zigor soziala jasotzen du. Judith Butlerrek esan bezala, generoa performance-a da, ekintza errepikakorren bidez eraikitzen dena. Sokamuturrean, gizonek behin eta berriz frogatzen dute beren maskulinitatea ikusleen aurrean.

Baina nortzuk geratzen dira alboan, bazterrean? Emakumeak, batez ere. Teresa del Vallek azpimarratu zuen bezala, euskal jai herrikoietan emakumeen presentzia sarritan bigarren mailan kokatzen da ikusle, laguntzaile edo dekoratu sozial moduan. Mari Luz Estebanek gorputzaren antropologiatik erakutsi du jaiak gorputzak ikuskizun bilakatzen dituela. Gizonen gorputza ausardiaren froga da; emakumeena, berriz, pasibotasunaren edota estetikaren ikur.

Ez da ahaztu behar Joseba Zulaikak jai erritualetan azpimarratu zuen sakrifizioaren logika: «Gizonek beren gorputza arriskuan jartzen dute komunitate osoaren aurrean». Baina arrisku horrek badu kostua: gizonen arteko lehia bortitzak eta, emakume askoren iritziz, maskulinitate toxikoaren normalizazioa. Elkarrizketatutako emakumeek argi esan dute. «Ez da jai dibertigarria, sufrimenduaren erakusleiho bat baizik».

Hau guztia ez da anekdota huts bat. Jone Miren Hernandezen ikerketek erakutsi zuten jai herrikoiek gazteen sozializazioan duten eragina: ume eta nerabeek ikusten dute zer portaera saritzen den, eta barneratzen dute gizon izatea arriskuarekin eta indarrarekin lotuta dagoela. Horrela, maskulinitate hegemonikoa belaunaldiz belaunaldi berritzen da.

Horregatik, ezinbestekoa da gogoeta egitea: benetan nahi al dugu gure jai herrikoiek eredu horiek berritzen jarraitzea? Berdintasunaz eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaz hitz egiten dugun garaian, sokamuturraren gisako errituek kontraesan nabarmena erakusten dutela uste dut.

Ez da tradizioaren aurkako jarrera, baizik eta tradizioaren barruko berrikuntza baten aldeko aldarria. Beste jai eredu batzuk pentsa daitezke, non ez diren ausardia, arriskua eta maskulinitate toxikoa saritzen, baizik eta balio berdinzaleagoak diren zaintza, lankidetza eta errespetua erdigunean jartzen.

Antropologiak argi erakusten du: jaiak ez dira neutroak. Gizartea eta botere harremanak berritzen dituzte. Beraz, sokamuturra ez da soilik ikuskizun herrikoia; gure gizartearen ispilu zorrotza da. Eta ispilu horretan ikusten dugunari buruz erabaki kolektiboak hartzeko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.