Trump tranpatiak bedeinkatutako su-etena eman zenetik, hilabete. Palestinarren mesfidantzak bazuen oinarririk, bazuten aieru franko izateko motiborik. Aurrekaria ere bazuten, urtarrileko menia Israelgo Gobernuak hautsi zuelako, oraingoarekin egin duen gisa berean: urriaren 11tik Israelek 280 lagun erail ditu jada Gazan eta Zisjordanian. Ez dago egunik palestinarrik erail ez dutenik.
Ustezko su-etenak, su artifizialek nola, ke-lainoa zabaldu du Gazako hilkintza estali nahian. Izan ere, herrien eta herritarren mobilizazioen eraginez, instituzio eta gobernu zenbaitek hartaratuta, Israelgo Gobernuak esku batekin onartu zuen su-etena, nahiz eta bertzearekin manu militari jarraitu. Beldur ginen eta agitu da: su-eten aizunaz geroztik, erasoak biderkatu dira Zisjordanian, non kolonoek eraso egiten dieten bertako palestinarrei, olibondoak suntsituz eta soroak errez soldaduen babespean.
San Mames-eko moral booster handiaz geroztik, azkartu indarrak eta berpiztu elkartasuna, ekin gogor boikotari, eta borrokatu sionismoa, golde eta molde oroz borrokatu ere.
Su-eten artifizialak diraueno, ez espero gupidarik sionista errukigaitzengandik, aspalditik dabiltza-eta afanean. Martin Buder politikari juduak garbi adierazi zuen: «Israel ez da errugabe. Israel sortu eta hedatzean, juduok historikoki sufritu dugun berbera eragin dugu: erbestea eta diaspora». Martin Buder politikari eta filosofoaren aipua 1949koa da, David Ben-Gurion lehen ministroari esana Israel sortu eta urtebetera.