Iruñean euskaltzale asko bildu ziren joan den ekainaren 13an, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ekainaren 13an bertan, Donostian, ume batzuek kointziditu zuten Principe zinearen 44 eserlekuko gela txiki batean, arratsaldeko lehenbiziko saioan, Las ovejas detectives filma ikusteko.
Lauzpabost amak haur talde handi bat gobernatzen zuten, eta haur talde horrek gelaren erdia baino gehiago betetzen zuen. Aretoa mukuru zegoen, eta gainontzeko eserlekuetan gainontzekoak geunden eserita. Semea eta biok, antza, euskaldun bakarrak ginen. Argiak itzali egin ziren, eta ohiko iragarkien ondoren, pelikula hasi zen.
Artzain batek, arratsetan, artaldeari liburu bat irakurtzen zion, baina ez edozein liburu, detektibe liburu bat baizik. Eta artaldean, nola ez, bazen ardi bat besteak baino azkarragoa, eta gero berak asmatuko zuen nork pozoitu zuen bere artzaina. Eta hau da, gutxi gorabehera, pelikularen gaia, baita taldearen garrantzia ere.
Eta hau ere gure pelikula da.