Mundua mundu denetik beti egon dira, zoritxarrez, bakearen etsai amorratuak, jarrera autoritarioa duten satrapak, ego handiko buruzagi politiko higuingarriak. Napoleonen eta Hitlerren asmo inperialistek milioika hildako eragin zituzten Europan aurreko bi mendeetan. Orain, aldiz, astroek bat egin dute eta ez bat, baizik eta hiru munstro mehatxari bidali dizkigute, nor baino nor okerragoa: Trump, Putin eta Netanyahu. Eskrupulurik gabeko hiru inperialista arriskutsu, edonor zapaltzeko prest daudenak haien estatuak inperio handiak bihur daitezen.
Megalomano horiek muzin egin diete nazioarteko zuzenbideari eta NBEren ebazpen eta arau guztiei. Putinek eta Trumpek (lagun onak direnak) beste estatu burujabe batzuei eraso militarrak egin dizkiete inpunitate osoz, estatu burujabe horien auzi politikoetan muturra sartu nahi dutelako. Netanyahu haratago joan da eta XXI. mendeko genozidiorik handiena egin du, nazioarteko iritzi publikoari trufa eginez. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Putin eta Netanyahu kriminalak atxilotzeko agindua eman du, baina ez du oraindik ezer esan Trumpi buruz. Hark, bestalde, Bakearen Nobel Sariarekin amets egiten du, Kanada eta Groenlandia anexionatu nahi dituen arren, eta Kolonbia, Kuba eta Mexiko mehatxatu dituen arren. Mundua ez da toki egonkorra izango hiru gizabanako zital horiek agintzen duten bitartean.