Hainbatetan eskatu dugu euskaraz ere jar daitezela Nafarroako Gobernuak AP-68 errepidean dituen kartelak. Turismoko Departamentuak ele bitan jarri ditu bere kartelak (Nafarroako Erresuma diotenak), eta poztekoa da. Baina Lurralde Kohesiorako Departamentuak jarraitzen du, temati, euskararen kontra, eta bere kartelek espainol hutsean segitzen dute (Navarra Comunidad Foral diotenak).
Horrekin lotuta, eta Nafarroako Arartekoak 25 urte bete dituen honetan, oroitarazi nahi dugu nola jokatu duen Lurralde Kohesiorako Departamentuak, sei urte hauetan, Arartekoaren kexen aurrean:
Gutxienez lau kexa jarri dira Arartekoan, hainbat karteletan euskara baztertzeagatik. Kexa horietan guztietan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak eman duen lehenbiziko erantzuna izan da «ez dagoela betebeharrik bide-seinaleak ele bitan jartzeko», eta aldiro frogatu behar izan dio Arartekoak baietz, eremu euskaldunean beharturik dagoela seinaleak ele bitan jartzera, eta gainerako tokietan ez dagoela eragozpenik ele bitan jartzeko.
Bestalde, hiru kexatan zehazki esan dio Arartekoak Lurralde Kohesiorako Departamentuari Francia ele bitan jarri behar duela eremu euskaldunean, eta gainerako tokietan ez dagoela eragozpenik ele bitan jartzeko. Eta hiru kexa horietan Departamentuak argi eta garbi esan dio ez dagoela ados eta ez duela ele bitan jarriko. Dena agirietan dago. Hala ere, protestei esker, azkenaldian Frantzia erantsi du, euskaraz, 30 karteletan.
Argi dago: protesta da bidea, eta protestatzen jarraituko dugu, besteak beste, AP-68ko kartelak euskaraz jar ditzan Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Turismoko Departamentuak egin bezala.