ZUZENDARIARI

Txantxangorria Amazonian laster

2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Zer ikusi, hura ikasi. Arrakasta itzela dauka El Conquistador programak. Bururatu zitzaidan euskararen erabilera neurtzea. Espero zitekeen %35ek baino gehiagok noizbait jardutea euskaraz programan. Izan ere, Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEn, gazteen %22k erdara beste edo gehiago erabiltzen du euskara, eta beste % 13k erdara baino gutxiago, baina, noizbehinka, erabili egiten du euskara.

Nahikoak izan ziren programaren lehen hamabost minutuak behaketa amaitzeko. Tarte horretan, inork ez zuen euskaraz berba egin. Euskaraz entzundako hitz bakarrak Egun on eta lasai izan ziren. Labeleko euskaldunak, txapela buruan eta ikurrina eskuan, erdara hutsean euren artean.

Elebakartasuna eta euskararen ukazioa, hori da transmititzen duena. Hizkuntz eredu hori normala izango balitz bezala hedatzen du lau haizeetara: 500.000 ikusle, 31.000 jarraitzaile Facebooken, trending topic Twitterren. Arrazoi batzuk egongo dira horretarako. Baina hori ez da, ez gure gizartearen isla, ez zabal onartuta eta adostuta dauden hizkuntz portaerak.

Patxi Baztarrikak eta Iñaki Martinez de Lunak azaldu dute oraintsu zer hizkuntz portaera babesten duen gizarteak: «euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabiltzeko aukera izatea», ados %87; «erdaldunek, euskara ez ulertu arren, onartu behar dute euskaldunek elkarren artean euskaraz egitea», %71 ados; «ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, ez bata bestearen gainetik», %75 ados.

Euskal gizarteak aniztasuna, berdintasuna eta errespetua lehenesten ditu, eta Europak ere bai. Europak «txartel gorria» atera zion Espainiako Estatuari ez dituelako betetzen gaztelania ez diren bertako gainerako hizkuntzak babesteko eta sustatzeko konpromisoak, besteak beste, hedabideetan. Txartel gorria eta lau partidako zigorra jar dakizkioke El Conquistador programari. Hona hemen hiru proposamen zehatz programaren hizkuntz eredua aro berrira egokitzeko: lehena, El Conquistador programak gizartean zabal adostutako hizkuntz portaerak sustatzea, besteak beste, euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, eta ez bata bestearen gainetik; bigarrena, parte-hartzaile euskaldunei zuzenduta, euren hizkuntzan: obarioak/potroak zintzurrean, ala? Euskaraz, ostia!; azkena, batez ere euskal hiztunoi dagokiguna, agerian jartzea iraungitako hizkuntz portaera baztertzaileak, eta horiek aldatzeko elkarlana sustatzea. Aro berrian, jokabide berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.