ZUZENDARIARI

Txiki eta Otaegi oroitzeko ekitaldia eta Ahaztuak 1936-1977

Martxelo Alvarez eta Diego Paredes.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun Zarautzen, azken hamahiru urteetan bezala, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi -ETAko militanteak—, eta Humberto Baena, Ramón Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo —FRAPeko militanteak— gogoratzeko eta bere borroka independentista, sozialista eta antifaxista goraipatzeko eta eskertzeko ekitaldi bat egin genuen. Beti eskertzen dugu BERRIA, Naiz, EiTB... edota beste medioen presentzia gure ekitaldietan eta beraien lan informatiboa horren inguruan, baina, azken bi urteetan BERRIA egunkarian emandako informazioaren arabera, Sorturen ekitaldi bat dela dirudi, eta ez da horrela. Egia da Sortu eta ezker abertzaleko erakunde desberdinetako pertsona kopuru dexente agertzen dela bertan, eta hori bihotzez eskertzen dugu, jakina, baina Ahaztuak 1936-1977 elkartea da urtero ekitaldia antolatzen duena.

Horregatik, haserrerik gabe eta errespetu osoz, azaldu nahi dugu ez dugula ulertzen zergatik askotan ez den esaten modu argi batean antolatzaileak nortzuk garen, edota, are gehiago: zergatik ez dira agertzen gure iritziak —antolatzaileen iritziak— memoria edo kontakizuna/errelatoaren ingurukoak, gaur egun dauden kontraesanei edota talkei buruzkoak, eta bai agertzen dira —eta gehienetan horiek bakarrik agertzen dira— Sorturen iritziak?

Ahaztuak 1936- 1977 elkarteak memoria politika defendatzen du, baina ez gaude alderdi politiko baten barruan edo menpe, eta ez gara Sortu erakunde politikoa, elkarte memorialista bat baizik. Batzuetan akaso berdinak izan daitezke iritziak, baina beste batzuetan ez... Eta, edozein kasutan, guk geuk antolatzen edo egiten ditugun ekitaldi eta omenaldietan geure iritziak azpimarratzea eta kaleratzea nahi genuke, eta ez Sorturenak edo beste batzuenak.

Eskertuko genuke aurrerantzean horrela izatea, informatiboki horrela egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.