Leku bat izen huts bat da ezagutzen ez dugun bitartean. Hara joanez gero, tokiaren itxura eta etxeen estiloa deskubrituko ditugu, zerbait errealago bihurtuko da toponimoa zena. Bertako jendea lagun eginez gero, lekuak ahots bat, mugitzeko era bat, izaera bat irabaziko ditu gure gogoan. Bizitzan, balizko mapa batean txintxetak jarriz goaz, esperientzia irabazi ahala: harako Sanferminetan, ez-dakit-nor ezagutu nuen Iruñean; Gernikan, hau-ta-hau egin genuen halakok eta biok...
Larrabetzu ezagutzen duzu? Herri txiki bat da berez, Txorierriren hasieran, Lezama eta Erletxe artean. A-8tik Loiuko aireportura bidean ikusiko zenuen seinalea akaso. Kulturaren zaleen artean esango nuke aspalditik dela leku estimatu eta maitatua; ez magiaz, ezpada bertako jendeak kultur ekitaldiak, kontzertuak, hitzaldiak eta bestelakoak antolatzeko erakutsi duen prestutasun eta deliberoagatik.
Aurten hirugarrengoz, Literaturia antolatu dute, eta asteburu honetan ospatuko da, ekainaren 3tik 5era: literatura oinarri hartuta, azoka txiki baina bizi bat, sortzaileak eta irakurleak eskuz esku; liburu-aurkezpenak, musika-kontzertuak, antzerkia, mahai-inguruak, herri-bazkariak... baita stand-ak ere, liburuak ikusteko, irakurtzeko, erosteko.
Ez da Durangoren tamainakoa, baina ezta nahi ere, nik uste. Toki bakoitzak du bere berezitasuna, bere arnasa, bere usaina. Larrabetzurena, seguru atsegin izango zaizula. Asteburuan dugu hitzordua, gustu baduzu.
Zuzendariari
Txintxeta bat gogoaren mapan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu