ZUZENDARIARI

Urriaren 26an, ikasleen greba: elkartasuna Palestinako herriarekin

Laura Luengo
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hamarkadak dira Israelgo estatu faxista, kolonialista eta sionistak Palestinako herria jazartzen, erasotzen eta sarraskitzen duela. Gaza munduko kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtu da: bi milioi pertsona inguru bizi dira pobrezia latzean, ezin izan dira lurraldetik irten eta etengabe bonbardaketak jasan dituzte azken urteotan, milaka hildako eragin dituztenak.

Netanyahuk eta bere gobernu atzerakoiak beste genozidio bati ekin diote. Azken egunetan 5.000 errugabe hil dira eta milioitik gora dira nolanahi ihes egitearen ala hiltzearen artean aukeratu beharrean daudenak. Eraso militar honek AEBen, Europako Batasunaren eta Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren babesa du.

Mendebaldeko presidenteen aldetik ikusten ari garen hipokrisiak ez du mugarik. Orain palestinar guztiak «terroristak» direla diotenak eta Israelen estatu-terrorismoa justifikatzeko komunikabideak jo eta su lanean dituztenak dira, hain zuzen, okupazio militar basatia eta milioika palestinarren giza eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetzen dutenak. Euren politika arrazistarekin Mediterraneoa eta Europako ateak hilobi erraldoi bihurtu dituzten berberak dira. Batzuen bizitzak besteenak baino gehiago balio al du? Ez dute lotsarik, ez dugu haien propaganda irensten!

Sarraskiaren irudiek barrenak inarrosten dizkigute eta sekulako haserrea piztu dute. Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioak benetan handiak izaten ari dira: New York, Chicago, Londres, Amsterdam, Paris, Madril, Bartzelona... eta arabiar mundu osoan. Elkartasun internazionalista, ezkertiar eta aurrerakoia da, zerikusirik ez duena Hamas eta bere erlijio integrismoa babestearekin.

Ikasle Sindikatua Palestinako herriaren lubakian gaude, bertako emakume, gizon eta haurren ondoan. Euren eskubideak defendatuko ditugu zapalkuntzarik gabeko bizitza izateko, benetako independentzia eskuratzeko, okupazioa amaitu eta esklabotza inperialistarik gabeko justizia soziala izateko, alegia.

Horregatik, gazte guztiak deitzen ditugu bihar, urriaren 26an, ikasle greba orokorra egitera, ikasgelak hustera eta 12:00etan egingo ditugun mobilizazioetan parte hartzera. Palestinako gure anai-arrebak ez daude bakarrik eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko Gazan sarraskia eta odola barreiatzen duten bitartean.

Genozidioa gelditu! Aski da! Gora Palestinako herriaren askapen borroka! Kanpora okupazio sionista!

Osteguneko mobilizazioak 12:00etan izango dira. Bilbon, Arriaga plazan, eta Gasteizen, Andre Maria Zurian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.