Egoera hau da: Donald Trumpek alde batera uzten du G7koen bilera erabakigarria zirudiena, «beste gai garrantzitsuago bat aditzeko» —gerora ikusi da nola bonbardatu dituen Iranen azpiegitura nuklearrak, Teheran bonba atomikoa lortzetik «hurbil» zela argudiatuta—... eta haserre azaltzen da medioen aurrean Macronek asmatu diolako asmoa eta...
Donald Trumpen irtenbidea Ekialde Hurbilerako, gerra konpontzeko, inori okurritu ez zitzaiona, hau da: «Iranen errendizio orokorra». Gainera, hau esaten du: «Ali Khamenei hil dezakegu nahi dugun momentuan, baina oraintxe ez dugu hori egingo... momentuz». (Al Capone ere ziur asko ez zatekeen hori esatera ausartuko publikoki).
Netanyahuk lortu du G7ko kideek txosten «erabakigarri» bat ateratzea non esaten duten Israelek bere burua defendatzeko eskubide osoa duela... Dirudienez, Iranek edo palestinarrek ez dute halakorik.
Bitartean, Gazako gosetea eta genozidioa ez da existitzen. 55.000 hildako ez dira ezer eta Trump/Netanyahuren soluzioa hauxe da: palestinarrek desagertu behar dute bere burua.
Bitartean, Zisjordanian 25 herrixka edo kokagune berri egiten ari da Israel bereak ez diren lurretan. Hango palestinarren irtenbide bakarra... desagertzea hauek ere.
Bitartean, muga-zergen gerra orokorra ez dakigu nola eta noiz amaituko den.
Bitartean, Europako Batasunak ez daki zer egin, ez daki nora begiratu, eta boxeolari galtzaileei bezala KO aurpegia sumatzen zaio.
Bitartean, ez EBn bakarrik, baizik mundu osoan, eskuineko pentsamenduak eta ekintzek inoiz baino ospe handiagoa dute.
Bitartean, Putin bere asmoa lortzen ari da Ukraina pixkana-pixkanaka bereganatuz «askatasunaren izenean» eta Trumpen baimenarekin eta laguntzarekin (edo Ukrainari laguntza ukatuz).
Espainian, zer esango dizuet Espainiari buruz... lotsa, nazka, eta gobernu aldaketa ezer ez konpontzeko etorkizunari begira... edo okerragoa izango dena guretzat...
Ez dut gehiago jarraituko, ez aspertzeko irakurlea.
Gaia-asuntoa da zer egin genezakeen guk egoera honetan. Nola berreskuratu dezakegun kemena planak egiteko eta aurrera begiratzeko. Nola jarraitu gure egunerokoa inozo aurpegia jarri gabe... Bakarrik okurritzen zait, banku hiztegiko terminologia bat, gure fundamentalak galdu gabe, gure izaera propioa saldu gabe eta kontziente izanik aipatu ditudan eginkizun horiek guztiak direnak direla. Ez direla gezur. Eta informazioak zehaztu behar ditugula egunero, une oro, bananduz gezur manipulatzaileak eta egia susmagarriak... Etorkizun beltza aurreikusten dut, baina zerbait ikasi badut nire bizitzan... da ez dela betiko izango. Eta gure fundamentalak ez ditugula inoiz bazterrean utzi behar. Ekin eta jarrai, baina buru argiz!
Hitz egin ezazue zeuen artean eta iritziak eskaini entzun nahi duenari... zeren denok gara eszenatoki honen protagonistak, eta denok daukagu seme edo biloba edo ondorengo bat geuk utzitako ondare (usteldutako) hau hartu beharko dutena.