Madrilen, putre-funts batek Maricarmen, 87 urteko emakume zahar bat, etxegabetu zuen. Beste behin, kapitalismo hiltzailea eta, zehazki, gutxi batzuen interes lukurrak, pertsona ahul baten gainetik pasa dira, zapalgailu baten moduan. Etxetik ateratzen zuten bitartean, ehunka bizilagun eta aktibistak batera oihukatzen zuten: «Zure ama izan liteke, zure amona izan liteke». Eta egia da.
Igandean, korrika egitera irten nintzen Donostiako parke batera. Beste aldi batzuetan bezala, han zeuden gazte taldeak; mutiko pobreak, Magrebetik etorriak, kalean bizi direnak. Bankuetan, taldeka, elkarri ilea mozten zioten. Irudi samurra iruditu zait beti, elkarren arteko zaintza erakusten duelako eta, gainera, edozein neraberen koketeria gogora ekartzen didalako. Aldi berean, mingarria egiten zait, beraien egoera gordina islatzen duelako.
Haiei begira nengoela, buruan, koru ikusezin bat xuxurlatzen hasi zitzaidan: «Gure seme-alabak izan litezke, gure bilobak izan litezke, gure lagunak izan litezke...». Ez dezagun ahaztu.