ZUZENDARIARI

Zeuk ere jar ezazu zeure alea

Donostia
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Beste behin ere Martxoaren 8ko eguna iristean jartzen gara hausnartzen, eta ezinbestekoak diren berdintasunezko jokaeretatik urrun gaudela jabetzen gara. Izan neska, izan mutiko, heldu zein gazte, geure alea jar dezagun, indarrak metatu eta sistema patriarkal honen barne antolaketa sakonetik iraultze aldera batu ditzagun ahalegin guztiak.

Zeure-geure alea jar dezagun eskatzen du lan honek. Gaur, bihar eta etzi, egunerokoan eta urte osoan, lehen mailako oinarrizko eginkizunetan, etxekoetan edota ingurunean, lantokian eta auzoan, esparru parte-hartzaile guztietan berdintasunerako indarrak batuz feminismotik sistema alda dezagun, elkarri esku emanez, arduratsuak izan gaitezen eskatzen digu egungo egoerak.

Geure ekarpenak eginez, geure aletxoa, bakoitzarena eta guztiona eskatzen dugu. Berdintasunaren aldeko jokaerak eta indar metaketak inoiz baino beharrezkoagoak direlakoan gaude. Gaur egun ere, zenbait lanbide edota gizarteko rol jakinetan, izan zaintza lanetan, erizain dela edo adinekoekin, haurren zaintzan edota desgaitasunak dituztenekin, %95 emakumeok betetzen dugu; zenbaitetan, gainera, soldata oso txikiekin edota batere soldatarik gabe. Denontzat ezaguna den adibide bat besterik ez da.

Geure gaztetxo eta ez hain gaztetxo, anima zaitezten deia zabaltzen dizuegu. Etxetik hasi eta eskola geletan, jolastokietan, lanean, komunikabide eta botere edota goi mailako esparru guztietan, benetako pertsona guztion egiazko parte-hartze bateratu batez elkar partekatu ditzagun ardurak eta eginkizunak, dela jakinduria edota barne aberastasuna, dela sormena edota intuizioa, dela arrazoitze numerikoak eta logikak edota emozioak. Jakitun gara gure burmuineko hemisferio desberdinak direla jokoan daudenak, baina ondo dakigu baita batak ezin duela bestea gabe funtzionatu.

Feminismoaren indarrez sistema arrazista guztiak aldatu eta lurperatze aldera lanean jarraitzen ospatuko dugu beste behin ere aurtengo Martxoaren 8a.

Gora elkarren arteko lan bateratu eta aldarrikapenak! Gora borroka feminista! Gora iraultza feminista!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.