Durango

Zintzotasun-hondamendia

Aroa Fernandez
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotan burutik pasatzen zait, izar iheskorra izango balitz bezala. Abesti bat behin eta berriro ipintzen duzun moduan, pudore gabe zure ahotik atera ziren hitzak bukle batean ditut sakonean. 

Zein puntutaraino axola behar zaigu besteek gutaz pentsatzen dutena? «Ezagutzen nuen pertsona onenetarikoa zinen». Zinen? Hain garrantzitsua da aditz-denborak ez nahastea, ezen hitz horrek gure iragana apurtu baitzuen. 

Nire bizitzan, erabaki bakar bat hartzeagatik, beste erabaki guztiak hutsa zirela zirudien. Gure erabakiek gu bilakatzen gaituztelako. Hori horrela bada ere, ez dute aldatzen nor garen; zer egin eta nor izan beti ez baitoaz bide beretik. 

Akatsak pribatuan zuzentzen direlako, ez beste pertsonak deus balio ez duela sentiaraziz. Akatsak akats sentitu behar direlako ekintza burutzen duenarentzat, ni naizelako nire ekintzen erantzule. Zuretzat txarto dagoena niretzat egokia izan daitekeelako. Milaka gris kolorez inguratuta gaudelako, ez baikara mundu bitar batean bizi, zeroz eta batez osatuta. 

Hitz egin baino lehen, pentsatu dezagun bestearengan edukiko dugun eraginean; zintzoa, egiazalea, egiatia izanda, noski. Badagoelako gaztelaniaz sincericidio hitza, askok ezagutzen ez dutena, baina aplikatu beharko luketena. Euskaraz ez dago itzulketarik. AAk proposatutakoak: egiazale-hiltzea edota zintzotasun-hondamendia. Hitzak direla, sinonimoak direla, mezua argi dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA