Zuzendariari

2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun

Elkartasun uholdea



Hilabeteak dira zuen elkartasun tantekin bustitzen hasi ginela. Lehen tantak uztailean sumatu genituen, eragile askoren babesa jasotzean. Epaia jakitean, kaleak are gehiago busti ziren. Uda ondoren, tanta sakabanatuak bildu eta lanean jarri zineten. Etxe guztietara iritsi zarete sufritzen ari garen bidegabekeriaren berri eman eta herritarrak mugiarazteko. Elkartasuna oso garrantzitsua dela ikusi dugu.

Tantak abenduaren 18an zaparrada bihurtu, eta uholde izatera iritsi zineten. Norbanako eta eragileek erakutsi zeniguten gertutasuna eta goxotasuna eskertzeko ez dago hitzik. Gabonak iritsi ziren, eta, berriz ere berri txarrak jasotzean, gure ondoan izan zineten. Madrilera joan aurretik plaza berotzera iritsi zineten. Errepideko izotzari aurre egin, eta ondoan sentitu zintuztegun.

Elkartasun tantekin bustita segitzen dugu. Elkartasuna delitu bilakatu nahi dute, baina frogatua dago, frogatzera iritsi zarete, geldiezinak direla elkartasun uholdeek sorturiko ibai emankorrak. Horren indarraz baliatu, eta egunerokoan lanean jarraitzera animatu nahi zaituztegu. Ez dugu dudarik ezartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko beharrezkoa den borondate eta grina errotuak daudela gure artean.

Gu biok ez dakigu inoiz guregatik egin duzuena eskertu ahalko dugun. Ez dakigu zein izango den gure etorkizun hurbila. Baina garbi izan, aurrera begira gure egoeran egon daitekeen edonor zigortzea zailtzen ari zaretela. Bidegabekeriek amaitu behar dute, eta, bide horretan, elkartasun harresiek indar handia dute.

Eskerrik asko!!!

Haritz Gartxotenea Zaporra, Aritz Labiano Labi. Salaketa anonimo batengatik zigorturiko zarauztarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.