Ingurumena. Munduaren egoera

Kamuts jaiotako kontzeptua

1970eko hamarkadan sartu zen ingurumena erakundeen agendan, eta 80koan sortu zen 'garapen iraunkorra'

jakes goikoetxea
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Garapena eta ingurumena lotzea ez da berria. Garapen iraunkorra kontzeptua sortu aurretik ere hitz egin izan da gizakiaren bizimoduak, jardunak eta naturarenak bateragarriak izan beharraz. Gaur egun,garapen iraunkorraren kontzeptua nagusitu da, kontzeptu anbiguoa eta lausoa, hazkundearen ezinbestekotasunean oinarritua. Bada kontraesan hutsa dela dioenik ere, garapenak ezin duelako iraunkorra izan herrialde aberats gutxi batzuek baliabideen gehiengoa ustiatzen dutelako, eta herrialde pobreei hazteko mugak jartzen dizkiolako.

Garapen iraunkor kontzeptuak indarra hartu aurretik hazkundea eta ingurumena uztartzeko beste saio batzuk izan ziren. Ekogarapena, esaterako, Ignacy Sachs Nazio Batuen Erakundeko (NBE) aholkulariak 1970eko hamarkadaren hasieran aipatua.

Hamarkada horretan sartu zen ingurumena munduko agintarien eta erakundeen agendan.Erromako Klubak 1972an kaleratu zuen Hazkundearen mugak txostena, ordura arteko hazkundea —arlo guztietan— eutsiezina zela esateko, eta eredu «iraunkor» bat eskatzeko. Urte berean onartu zuten Stockholmeko Adierazpena. Han esaten zenez, hazkunde ekonomikoari ingurumen baldintzak jarri behar zitzaizkion.

NBEren Brundtland Batzordea (WCED) izan zen garapen iraunkor kontzeptuaren sortzailea eta bultzatzailea, 1987an, Gure etorkizun komuna txostenean. Berez, Munduko garapen eta Ingurumen Batzordea zen Brundtland Batzordea. Honela definitu zuen garapen iraunkorra: «Egungo premiak aintzat hartzen dituen garapena, baina etorkizuneko belaunaldien premiak asetzeko gaitasuna baldintzatu gabe».

Kontzeptua onartu zuten, zabaldu da, erakundeen agendetan dago, baina aplikatzeko orduan mugak eta oztopoak gehiago izan dira lorpenak baino, Kiotoko protokoloa betetzeko, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA