Futbola aldatu egin da. Elastikoan 10 zenbakiarekin aritzen zen jokalaria erdi-puntan aritzen zen, eta gehienetan taldearen izar nagusia izaten zen. Gaur egun nekez existitzen da halakorik. Futbola taktikoki diziplinatuagoa da gaur egun, batez ere baloirik gabeko fasean. Hori da, hain zuzen ere, Munduko Kopa honetan ikusten ari garena. Selekzio batzuk bloke ertain-baxuan kokatzen dira, eta talde indartsuenek defentsa egitura hori gainditzeko formulak asmatu behar dituzte. Izan ere, bloke baxuan kokatzen diren aurkari horien lerroak oso gertu eta estu daude. Hala, oso zaila da lerro artean baloiak jasotzea, eta jokoa hegaletara zabaldu behar izaten dute.
Portugalek eta Espainiak, adibidez, hasierako plana aldatu behar izan dute, hegalean baloia jasotzera egokitzen diren jokalarien profilen bila. Luis de la Fuentek Baenaren alde egin du, Nico Williamsen lesioa dela eta; Roberto Martinezek, berriz, aukera eman dio Leaori, nahiz eta Bernardo Silvak eta Joao Felixek baino kalitate tekniko gutxiago izan. Partiden planera hobeto egokitzen da Leao. Baina nola egituratzen da selekzioen zelai erdia erdi-puntarik gabe?
Euskarri bat eta bi erdilari asoziatibo
Mexiko eta Kolonbia dira 1-4-3-3 marrazkia erabiltzen duten selekzioen adibiderik onenak. Ez dute erdi-puntarik, baizik eta beste altuera batean kokatzen den erdilari bat. Beste barruko erdilari bat baino aurreraxeago kokatzen da, baina rolak aldatzeko gaitasuna du. Kolonbian Jhon Ariasek egiten du lan hori; Mexikon, berriz, Brian Gutierrezek edo Gilberto Morak. Azken horrek 17 urteko besterik ez du, eta etorkizun handiko jokalaria dela erakutsi du Munduko Kopa honetan. Hain zuzen ere, Kolonbiak eta Mexikok gaitasun handia erakutsi dute baloia mugitzeko orduan. Ezaugarri komun bat izan dute: erasoan bizi jokatu asmoz, asko arriskatu dute paseak emateko garaian. Aguirreren selekzioa bikain moldatzen da hegalekoak eta barruko jokalariak tokiz aldatzeko garaian. Hegalak barrura sartzen dira baloia jasotzeko, erdiko jokalariak erraietara jotzen duten bitartean. Azken horiek arerioaren defentsako hegalek bizkarrera uzten duten espazioa baliatzen saiatzen dira. Ariasek, berriz, gaitasun handia du baloia jasotzeko toki egokian kokatzeko. Puertak, aurkariaren euskarriak presioa egiten duenean, bizkarrean aurkitzen du beti Arias. Espainian Dani Olmo toki berean kokatzen da. Gainera, beste ezaugarri batzuk ditu: trebea da desmarkatzen eta erremateak egiteko gaitasuna du.Â
Sakontasuna barruko lerroetan
Belgika eta AEBak ere 1-4-3-3 marrazkitik abiatzen dira, baina haien erdilariek oso rol ezberdinak dituzte. Belgikan De Bruynek jokatu beharko luke erdi-puntan. Baina hura lerro artean aurkitzeko zailtasunak izaten ari dira. Hori dela eta, Tielemansek sakon jokatzen du barruko lerroetatik. Gauza bera egiten dute AEBetan Tillmanek eta McKenniek. Biek zera aprobetxatzen dute: Doku eta Pulisic oso trebeak direla buruz buruko jokaldietan. Hala, aurkariaren erdiko atzelariaren eta hegalaren artean sortzen den tartera jotzen dute min egiteko.Â
Bigarren lerrotik iristen dena
Portugal, Brasil eta Ingalaterra bezalako selekzioetan erdi-punta areara iristen den jokalari bat bihurtu da. Ingalaterraren kasuan, Jude Bellingham da jokalari hori. Jokalariak dituen ezaugarriak eta Ingalaterrak jokatzeko duen modua kontuan hartuta, zentzuzko da. Izan ere, aurrelaria, Harry Kane, erasoko jokaldiak sortzeko guneetara gerturatzen da. Ancelottik praktikotasunaren alde egin du. Neymarrek joka zezakeen postu horretan, baina ez du hautatzailearen konfiantzarik izan. Rapinha, berriz, eskuin hegalean kokatu zuen min hartu aurretik. Baina toki hori haren eragin eremu onenetik oso urrun dago. Azkenerako, Paquetaren alde egin du, baloia gutxi ukitzen duen jokalaria. Ancelottik nahiago izan du ordena magia baino. Portugalen kasuan, Kroaziaren aurka argi geratu zen Roberto Martinezek nahiago duela Bruno Fernandes areatik gertuago egotea, goletik geratuago. Bere taldean, Manchester Uniteden, ez da hala izaten.Â
Aske jokatzea
Bere hasierako egitura 4-4-2 bada ere, aske jokatzeaz ari bagara, Argentina eta Messi dira adibiderik onenak. Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioa motela da zelaiaren lehen herenean, baina kontrakoa aurkariaren zelaian. Erasoan sortzen dutenaren abiapuntua honako hau da: Messi lerro artean aurkitzea. Horrek arrisku handia dakar erabakiak hartzeko orduan, baita balizko baloi galeretan ere. Baina arrisku hori hartzea merezi du, Messi baita egun dagoen 10 zenbakidun peto bakarra.Â
Azkenik, Frantzia, Egipto eta Maroko 4-2-3-1etik abiatzen dira; beraz, Olise, Salah eta Ounahi dira erdi-punta lanak egiten dituzten jokalariak. Hirurek dute zerbait komunean: horizontalki mugitzeko askatasuna, eta hegalera hurbiltzeko eta erremate guneetara iristeko joera.