Historia letra larriz idatzi du Arraun Lagunak-ek: Zarauzko Bandera irabazita, denboraldi honetan Euskotren Ligan jokatutako hamasei estropadetatik hamasei irabazi ditu, eta hamabost banderetatik hamabost astindu. Juan Mari Etxabe prestatzaileak BERRIAn esan zuen bandera guztiak irabaztea «oso zaila» dela eta sasoi hasieran ez zutela helburu hori, baina, estropadaz estropada nagusitasuna erakutsi, eta azkenean balentria lortu du Etxaberen taldeak.
Gaur, ohiko moduan, Lugañene ontziak hasieratik ireki du tartea. Atzo bezala —gaur itsaso hobearekin, hori bai—, San Juan izan da Arraun Lagunak-en ubera gertuen izan duen taldea, baina, halere, Donostiakoek izan dute kontrolpean estropada beti. Ziabogan, hiru segundoren aldea zuten, eta amaieran, berriz, bost segundotik gorakoa. Bandera irabazteko lehian, hiru segundoren aldea atera zioten bigarrenari atzo, eta gaur biribildu dute lana. Donostiarra izan da hirugarren, lehen txandako garailea, eta Orio laugarren.
Bandera eta liga irabazi izana gogoz ospatu dituzte gaur Arraun Lagunak-eko arraunlariek, baina, ETBri egindako adierazpenetan azpimarratu duten moduan, argi dute denboraldia ez dela amaitu: Kontxako Bandera dute orain begiz jota.
Etxabek eskatu bezala, Donostiako Udalak harrera egingo die gaur, 18:30ean; ez dute arraunlari nahikorik izango horrenbeste bandera eramateko. Estropadaren ostean, gainontzeko talde guztietako arraunlariek ere egin diete aitortza, Getariako arrapalan.
Sailkapena
Liga amaituta, horrela geratu da Euskotren Ligako sailkapen nagusia: Arraun Lagunak lehenengo, 128 punturekin; Tolosaldea bigarren, 92rekin; San Juan hirugarren, 79rekin; Orio laugarren, 73rekin; Astillero bosgarren, 67rekin; Hibaika seigarren, 58rekin; Donostiarra zazpigarren, 47rekin, eta Zumaia zortzigarren, 32rekin.
Atzoko estropadan baieztatu zen Zumaia ETE ligan arituko dela datorren denboraldian, eta Donostiarrak, berriz, kanporaketak jokatu beharko dituela Euskotren ligan jarraitzeko.