Auzia abiatuko denerako, lau urte eta erdi iraganik izanen dira: Frederico Martin Aramburu errugbi jokalariaren erailketari buruzko epaiketa 2026ko irailean hasiko dute, Parisen. Lau auzipetu dira orotara: Loik Le Priol, 31 urtekoa, Groupe Union Defense eskuin muturreko ikasle sindikatuko kide eta itsas armadako indar berezietako kide izana; Romain Bouvier, 34 urtekoa, Le Priolen militantzia kidea; Lyson Rochemir, 28 urtekoa, Le Priolen bikotekidea, eta Antony Sorrentino.
Lehenari erailketa egozten zaio, eta bigarrenari, berriz, erailketa saiakera: behin-behineko atxiloaldian daude 2022tik, hots, Poliziak arrastatu zituenetik; beste bi auzipetuei konplize izatea egozten zaie. Le Priolen bikotekidea libre dago, baina kontrol judizialpean. Hura zihoan gidari ihes egiteko erabili zuten autoan.
Hilketa gertatu zenetik hiru urte eta erdira jakinarazi dute auzia noiz eginen den, hainbat arazo judizial egon baitira hasieratik. Prozedura behin baino gehiagotan gibelatu behar izan dute, dei auzien, kasazio helegiteen eta ikerketen luzatzearen eraginez. Azkenean, justiziak ondorioztatu zuen ez zela izan «xede kriminal komunik», eta, horregatik, Le Prioli baizik ez diote egozten hilketa, berak egin zuelako Aramburu bizkarrean jo eta hil zuen tiroa. Bouvierrek ere tiro egin zuen, baina izterra hunki zion Arambururi, eta, beraz, erailketa saiakera egozten diote.
Le Priolek galdegin zuen gertakarien kalifikazioa aldatzea: adierazi zuen bortizkeria izan zela, baina nahi gabe hil zutela Aramburu. Parisko dei auzitegiak, baina, ez zion onartu eskaria; hain zuzen, kalifikazio horiek berrikus ditzaten lortzea eta ekintza «aurrez pentsatua» izan zelako akusazioa deuseztatzea izanen du erronka Le Priolen defentsak auzian. Auziak hiru aste iraunen du.
Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil zuten, 2022ko martxoaren 19an, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) lagun batekin zebilen Saint-Germain bulebar inguruan, eta taberna batean iskanbila izan zuten bi lagunekin. Han zeuden beste batzuek banatu egin zituzten, baina bi lagun horiek itzuli egin ziren autoan, eta kalean Aramburu tirokatu.
Miarritzen bizi zen Aramburu, eta turismo alorreko enpresa batean egiten zuen lan. Hain zuzen, Shaun Hegarty bazkide eta lagunarekin zebilen Parisen. Bi aldiz izan zen Top14ko txapeldun Miarritzerekin: 2005ean eta 2006an. Klubeko bazkideen elkarteko presidente izana zen 2015etik 2018ra, eta administrazio kontseiluko kide ere izan zen. Argentinarekin hirugarren izan zen 2007ko Munduko Txapelketan. 22 partida jokatu zituen selekzioarekin. Perpinyan eta Akizen ere jokatu zuen, baita Glasgow Warriorsen ere.