Arrauna. Kontxako Bandera

33 eskutik

Urdaibaik ia irabazita dauka Kontxako Bandera, Kaiku bigarrenari inoizko alde handienetakoa atera eta geroBigarren txandakoei haizeak eragindako oztopoa ere historiako datuetan geratuko da

Urdaibai, ahalegin betean, herenegun, Donostiako Badian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Museko partiden antza izaten du Kontxako Banderak: jokalari guztiek giltzapean bezala gordetzen dituzte sekretuak. Inork ez du nahi izaten besteak norberaren asmoen berri izatea. Baina batzuetan, gutxitan bada ere, kartak agerian geratzen dira, esku artean dauzkanak ez dielako behar bezala eutsi edo banatzen dituenari abilezia falta izan zaiolako. Jokotik kanpo dauden faktoreak direla esan daiteke. Igandean, antzeko zerbait gertatu zen Donostiako badian. Bigarren txandakoen kartak oso agerian geratu ziren lanak hasterako: haizeak utzi zizkien buruz gora, eta nola, gainera. Ederki baliatu zuten aukera lehen txandakoek egundoko txikizioa egiteko.

Baina lehen txanda horretako mus partidan ere izan ziren gorabeherak. Lehia hasi aurretik, ematen zuen Kaikuk zeukala 31 eskutik; besteek egiten zutena egiten zutela, bazirudien ez zirela gai izango faborito nagusia menderatzeko. Baina ziri handia sartu zion Urdaibaik. Jokorako aukera gutxi zituela esaten zioten denek. Enbidoetan ere galtzekoak zituela. Pareak ez zituela izango ere bota zioten. Baina Urdaibai isilik, bere karta handiak giltzapean gordeta. Estropadaren hasierak uste oker guztiak baieztatu bazituen ere: Kaikuk sei segundoren aldea atera zion di-da batean. Baina musean jakin egin behar da kartarik gabe jokatzen. Horiek dira jokalari onak. Igandean, jokoan 33 edukita ere, partida aise irabazi zion Kaikuri. Lehen igandean, garaileak bigarrenari behin bakarrik atera dizkio 33 segundo baino gehiago: 1966an, Hondarribiak 47 sartu zizkion San Juani.

Laugarren kalean eseri zen Urdaibai. Aurrenekoan Kaiku. Iparra eta mendebala zegoen. Lehen kalea infernua bilakatzen da halakoetan. Eta Kaikuk infernura gasolina bota zuen. Estropada amaitu eta gero, zenbait arraunlarik eta Asier Zurinaga patroiak traineru beltza jo zuten errudun. «Txoroegia da itsaso txarrean ibiltzeko». Brankaz, ur litroak pilatu zitzaizkion barruan, eta Urdaibai urruntzen joan zitzaion, bere kartak ederki gordetzen dituzten muslarien pare, isil-isilik, mahai bueltako iskanbilari kasurik egin gabe. Bazihoan aurrera, laugarren kaleak ematen zion babesa baliatuz. Gero kontatu zuten Bou Bizkaiko arraunlariek ez zirela gustura joan brankaz. Eskerrak. Bestela, ziabogan aterako zion Kaikuri bukaeran atera zion aldea. Hamahiru segundorena zen tartea buelta bakarrean. Aldea zen, baina pareak eta jokoa geratzen zitzaizkien bi muslariei: bigarren luzea, alegia; itsasoaren baldintza txarretan, edozer gerta zitekeen. Baina Urdaibai aldeak handitzen hasi zen. Kaiku, aldiz, norabidea galdurik ari zen etortzen. Traineru beltza oraintxe zegoen Santa Klara uhartera begira, eta handik istant txiki batera, Pasealeku Berrira zuen parez pare. Ezin zuzen etorri. Brankaz pilatutako ura bereak eta bi ari zen egiten. Ura barruan, eta gero eta urrunago Urdaibai. Bandera galtzen ari zen faborito nagusia. Bermeora zihoan.

Orain faborito bat eta bakarra dena, berriz, gozatuz ari zen buelta egiten. «Patroia da onena; olatu denak hartu ditu», esaten zuten arranplan Urdaibaiko arraunlariek, Gorka Aranberriren lana goraipatuz. Ez ziren debaldeko loreak. Olatu denak hartu zituen. Eta trainerua okertzen zen bakoitzean, han zituen ababorreko hankekoa eta kontrankekoa ontzia zuzen eramaten laguntzeko. Taldeko lan bikaina egin zuten, batak besteari lagunduz. Hegan etorri zen Urdaibai,itsaso berdea urdinduz. Bederatzi minutu azpitik egin zuen bigarren luzea, eta halako baldintzetan asko egitea da. Ziztu bizian sartu zen helmugan, eta arraunlariei bidean hartutako bustia lehortzeko astia eman zien Kaiku sartu bitartean. Heldu zen nola edo hala Bizkaitarra, piratek abordatu izan balute bezala. Hautsita eta jota. Hezurdura guztia bistan. 33 segundo gehiago behar izan zituen ibilbide bera egiteko. Kontxako Bandera ez dute irabaziko, Urdaibaik oker handiren bat egiten ez badu, behintzat. Herenegungo baldintzak lagungarriak izango litzaizkioke Kaikuri balentria egiteko, baina itsaso txarrik ez dago emanda. Igandeko mus partida zuhurrenak irabazi zuen, zaratatik aparte bizitzen jakitea egundoko balioa ere badelako. Karta onak edukitzea ez da garaile izateko ziurtagiria; jokatzen ere jakin egin behar da gero.

Donostiarra, laugarrena

Lehiatik kanpo ez zen Kaiku bakarrik geratu; Pedreña ere galduta ibili zen, hasieratik bukaerara. Azkenean, 54 segundo atera zizkion Urdaibaik. Donostiarrak berea egin zuen. Ezin zaio gehiago eskatu. Txandan azkena izango zela ez zegoen batere dudarik, eta itsasoaren egoerak eta haizeak handitu egin zuten txandako garaileak baldintza normaletan aterako zion tartea. Minutu eta erdi geroago bukatu zuen estropada.

Baina haizeak ondorengo mus partida hankaz gora bota zuen. Airean ibili zituen mahaia, aulkiak, tapetea, kartak eta bestelako guztiak. Iragarrita zegoena bete zuen, hutsik egin gabe, eta egundoko oztopoa bilakatu zen Astillero, Hondarribi, San Juan eta Tiranentzat. Brankaz egin beharreko bidea infernu bilakatu zien haizeak. Kontra zeukaten, eta olatuak ere edozein lekutatik botatzen zizkien. Anabasa horretan, Astillero moldatu zen ondoen. «Gozatu egin dugu», zioen arraunlari batek arranplan.

Gozatu zuen bakarra izango zen, beste hiru traineruetan pozerako aldarterik ez zelako egon ez estropadan, ezta bukaeran ere. Hondarribia eta San Juan poparean ondo moldatu ohi dira, baina galduta zetozen, etaTiran, Orioko estropadan duela bi aste itsaso txarrean bikain moldatu zen hori, zer esanik ez. Ikustekoa izan zen sanjuandarren branka uretan ia desagertuta; Endika Perez patroiak bere arraun handia uretatik kanpo ekarri zuen zenbait unetan. Beldurgarria izan zen bigarren txanda. Bukatu zuten, bukatu zutenez, eta aldeak izugarriak izan ziren. Arrauna baino txirrindularitzako etapa baten sailkapena ematen zuen. Bi eta hiru minuturen aldeak.

Horren ondorio nagusia da espero ez zena gertatu zela: Donostiarra ohorezko txandan joango da datorren igandean. Eta aukera ederra du posturik ez galtzeko, Astillero bosgarrenari 51 segundo kentzen dizkiolako. Lehen txandako beste hiru traineruek osatuko dute txanda nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.