Goi mailako kirolak horrelakoak ditu. Izena eta ospea nahi duten inbertitzaileek osatutako proiektu erraldoi eta faraonikoak daude kirolean. Futbolean, Chelsea, Manchester City edo Paris Saint-Germainen kasuak famatuak dira. Golkoko petrodolarrekin egindako taldeentzat dira tituluak. Errugbian, ez da gertatzen neurri berean, baina negozio gizonek beren jostaleku bihurtu dute Frantziako Top14a: Parisko Racingen, Jacky Lorenzetti dago; Baionan, Alain Aflelou; Miarritzen, Serge Kampf; eta Toulonen, Mourad Boudjellal.
Toulon Top14ko aberats berria da. Racingekin batera, Tolosa eta Clermont erraldoien hegemonia hautsi nahi du. Horretarako, Boudjellalek futboleko aberats berrien ereduari jarraitu dio. 2006tik, urtez urte, hego hemisferioko eta nazioarteko izar handienak ekarri ditu taldera, tituluak irabazteko asmoz.
Sei urte hauetan Toulonetik pasatu diren jokalarien zerrenda harritzekoa da: Tana Umaga, George Gregan, Victor Matfield, Sony Bill Williams, Joe Van Niekerk, Carl Hayman, Jonny Wilkinson, Mat Giteau, Bakkies Botha... Denak dira nazioarteko errugbiko izarrak. Hurrengo sasoirako fitxatu dituen jokalariak ere zur eta lur uztekoak dira: Andrew Sheridan, Chris Masoe, Frederic Michalak, Gethin Jenkins eta beste hainbat halako.
Baina politika horren uzta jaso nahian ari da, oraindik, Mourad Boudjellal. 2008an igo zen berriz Top14ra Toulon, baina orduz geroztik ez du titulu bat irabazterik lortu. 2010ean hurbil izan zuen txapela, Europako Challenge kopako finalean Cardiffen aurka galdu baitzuen. Ligan ere, gorabeherekin aritu da. 2010ean finalerdietara iritsi zen, baina joan zen sasoian ez zuen lortu lehen sei postuetan sartzea.
Ondorioz, Europako Challenge kopan aritu da sasoi honetan. Eta titulu bat irabazteko asmo irmoa dauka: «Mourad Boudjellal presidenteak argi utzi digu txapelketa hau oso garrantzitsua dela beretzat. Badakigu zer egin behar dugun», azaldu du Olivier Azamek, Touloneko aitzinekoen entrenatzaileak.
Mediterraneo aldean argi diote Toulonek irabazteko jokatuko duela, baina ez da ahantzi behar Europako Challenge kopa ez dela izanen bere kezka bakarra. Hurrengo astean, etxean Parisko Racing Metroren aurka jokatuko du Top14ko final-laurdena. Aste bakarrean bere sasoia izanen du jokoan Toulonek. Challenge kopakoa finala izanik ere, Top14ak garrantzi handiagoa dauka Toulonentzat. Challenge kopa irabazteak hurrengo sasoian Heineken kopan aritzea dakar. Toulonek, baina, Top14ko fase erregularra hirugarren postuan bukatu ondoren, jadanik eskuratu du eskubide hori.
Bere begi guztiak Top14a irabaztera begira ezarriko al ditu? «Hori espero dugu Miarritzekook, baina ez dut uste Toulonek horrelakorik eginen duen», azaldu du Patrice Lagisquet Miarritzeko kirol zuzendariak. «Sasoi hastapenetik, lehiaketa hau irabaztea zen gure helburua. Partida bakarra falta zaigu hori egiteko eta ez dugu irudikatzen garaipena ez den beste emaitzarik», erantzun dio Azamek.
Touloneko jokalariek ere argi daukate taldeak titulu beharra duela. «Honera iritsi naizenetik, ohartu naiz zaleek zenbat itxaroten duten titulu bat irabaztea. Sekulako ikusmina dago hirian, eta ilusio handia emanen diegu zaleei, irabazten badugu», erran du Stefon Armitagek, Toulonera sasoi honetan iritsi den Ingalaterrako selekzioko hirugarren lerroak.
Diru adina anbizio
Azken urteetan hainbeste diru xahutu ondoren, Toulon titulu gosez dago. Finalean aurkari gogorra izanen du Miarritzek, bere indarraz seguru dagoena. Taldean eskarmentu handiko izarrak ditu: Wilkinson, Matt Giteau, Botha, Carl Hayman... Sasoi ona egin du Top14 fase erregularra hirugarren postuan bukatuz. Eskarmentu eta emaitza on horiek segurtamen handia eman diote. Sasoi bukaeran talde batek edo egutegiak beldur ematen ote dion galdeturik, horrela erantzun du Bernard Laportek, Touloneko kirol zuzendariak: «Zergatik izanen gara beldur? Top14ko edozein talderi irabazteko gai gara. Eta aste bakarrean Challenge kopako finala eta Top14ko final-laurdena errestan jokatzeko gaitasuna dugu. Anitz lan egin dugu horrelako partidak jokatzeko, eta beldurra ez, irabazteko gogoa daukagu».
Gauzak argi daude. Toulonek ez dio Miarritzeren aurkako finalari ihes egiten utziko. Gose dago Toulon. Haren jokoan igartzen da. Urtez urte, bere iraganeko pettoez ikasi ondoren, Boudjellalek Top14ari egokitutako talde bat egin du. Izarren izenak ez, Toulonen indar nagusia aitzinean duen sendotasuna eta egiten duen presioa dira. Gosez jokatzen du. Aurkariari lepotik heldu eta gehiago askatzen ez duen lehoi bat da. Uztartze irekietan, berehala baloia harrapatzen entseatzen da. Defentsan, berriz, oso azkar igotzen du defentsa lerroa, eta aurkariari presio handia egiten dio horrela. Aitzinean ere, uztartzeetan eta dortoketan indar handiz ari da.
Presio handia egin ondoren, gibeleko jokalarien abiadura eta talentua erabiltzen ditu entseguak lortzeko. Ez du gustuko jokoa berak eraikitzea. Haren lana aitzinean presio handia egin eta baloia berreskuratzea da, gero kontraerasoan gibelekoen abiadurarekin entseguak lortzeko. Futboleko Real Madrilen antzeko taldea da. Dohain atletiko itzelak, talentuzko izarrak, eta kontraerasoan jokaldiak bukatzeko paregabeko gaitasuna.
Hori guztiari aurre egin beharko dio Miarritzek, txapeldun izan nahi badu. Toulonek ez bezala, Heineken kopako txartelik ez dute eskuetan lapurtarrek. Baina Toulonek irabazteko gose ikaragarria du. Gose horren ondorioz irentsia ez izateko, galtzak bete lan izanen du Miarritzek, dudarik gabe.
Errugbia. Europako Challenge kopako finala: Miarritze-Toulon
Aberats berriaren gosea
Orain sei urtetik, Mourad Boudjellalek kluba erosi zuenetik, Top14ko aberatsa da Toulon. Ordutik, halere, ez du titulurik irabazi. Miarritze mendean hartuta lortu nahi du lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu