Abuztuaren 19an jokatuko da Euskal Herria Kopako finala, eta irailaren 25ean Euskal Herria Txapelakoa

Bi finalak Irungo Gal estadioan jokatu dituzte, Real Unionek 100 urte beteko dituela eta. Abuztuaren 16an argituko da nork jokatuko duen Euskal Herria Kopako finala; Euskal Herria Txapelakoan, berriz, Realak eta Athleticek neurtuko dituzte indarrak.

Euskal Herria Kopako finalaren aurkezpena, gaur, Gal estadioan. JON URBE / FOKU
Euskal Herria Kopako finalaren aurkezpena, gaur, Gal estadioan. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko abuztuaren 3a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herria Kopako eta Euskal Herria Txapelako finalek badute data eta tokia. Euskal Herria Kopakoa abuztuaren 19an jokatu dute, 19:00etan, eta Euskal Herria Txapelakoa, irailaren 25ean; biak Irungo Gal estadioan. Aurtengo omendua, berriz, Leire Landa futbolari ohia izango da. Landa Irunen jaioa da, eta Oiartzunen, Realean, Atletico Madrilen, Athleticen eta Bartzelonan jokatu du; 2017an hartu zuen erretiroa, belauneko lesio larri baten ondorioz. 

Gaur eman dituzte finalen inguruko xehetasunak, Galen bertan. Real Unionek 100 urte beteko ditu aurten, eta horregatik antolatu dituzte bertan partidak.

Emakumezkoen torneoa da Euskal Herria Kopa. Oraindik argitzeko dago zer bi taldek jokatuko duten finala, finalerdiak jokatzeke baitaude. Abuztuaren 15ean eta 16an jokatuko dituzte partida horiek. 15ean, Amurrion (Araba), Athletic eta Alaves arituko dira nor baino nor gehiago; 16an, berriz, Azkoitian (Gipuzkoa) Realak eta Eibarrek neurtuko dituzte indarrak. Finalerdietan hamar euroan izango dira sarrerak, baina 14 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira. Finaleko sarrerek 20 euroko salneurria izango dute. Euskal Herria Kirolaren eta Real Unionen webgunean eskuratu daitezke. Aurreko denboraldian Eibarrek lortu zuen garaikurra. 1-0 irabazi zion Realari, eta gola Malen Urangak sartu zuen. 

Gizonezkoen txapelketa da Euskal Herria Txapela. Lehiaketa horretan finala baino ez da jokatzen, eta aurreko denboraldian Lehen Mailan jokatutako derbietan puntu gehien lortutako bi taldeak aritzen dira nor baino nor gehiago. Oraingo honetan Realak eta Athleticek neurtuko dituzte indarrak. Azken aldian Osasunak irabazi zuen txapelketa. Athleticen aurka aritu ziren, eta gorritxoak gailendu ziren, Osanbelak 76. minutuan sartutako golari esker. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA