Pilota

Ados Pilota klubaren Plazaz Plaza txapelketako finala jokatuko dute gaur, Donamarian

Iera Iturriaga eta Leire Galeano Maddi Barrokalen eta Ane Mendibururen aurka ariko dira. Finalistek nabarmendu dute Donamariako plaza «berezia» dela, eta «ondoen egokitzen denak» aukera gehiago izango duela txapela irabazteko.

Maddi Barrokal. EDUARDO AGIRRE
Maddi Barrokal, pilota jotzear, Plazaz Plaza txapelketako partida batean. EDUARDO AGIRRE
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 4a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ados Pilota klubeko pilotariek bere egin dituzte berriro herriko plazak: bi hilabetez aritu dira Plazaz Plaza txapelketan. Malerrekako Mankomunitatearen babesa izan dute ekitaldi honetan, bosgarrenean, eta, hori dela eta, eskualde horretan aritu dira nagusiki, baina baita Nafarroako beste hainbat herritan ere. Etxarrin ekin zioten lehiari, eta Donamarian jokatuko dute finala, gaur, 18:00etan. Hamaika telebistan eta Ados klubaren Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da partida.

Sei bikotek jokatu dute txapelketa, eta lehen bi sailkatuak ariko dira finalean. Iera Agirre Iturriagak eta Leire Galeanok jokatuko dute bikote batean. Leitzarra eta antzuolarra izan dira lehenak ligaxkan. Maddi Barrokalen eta Ane Mendibururen aurka ariko dira. Bergararra eta zubietarra bigarren izan dira. Bi bikote horiek ez dute jokatu elkarren aurka. Azken jardunaldian ziren elkarren aurka aritzekoak, Urrotzen, baina Mendiburuk ezin izan zuen jokatu, eta Andrea Aldaregiak ordezkatu zuen. Hori aski ez, eta Barrokal atzelari aritu zen. Beraz, ez du balio erreferentzia gisa.

Agirre eta Barrokal «oso pozik» daude finala jokatuko dutelako. «Guretzat oso txapelketa berezia da Plazaz Plaza: klub gisa antolatu genuen lehena izan zen, pandemia garaian. Herriko plazetan jokatzen dugu, ez ohiko frontoietan, eta, horren ondorioz, jokamoldea ere ezberdina da. Adibidez, partida batzuetan ezkerpareta gabe aritu gara. Txapelketa polita da, eta aurtengoa ere halaxe izan da: polita», azaldu du Agirrek. «Plazaz Plazak xarma du: plaza zabaletan jokatzen dugu, eta jende asko hurbiltzen da gu ikustera», gehitu du Barrokalek.

Plazaz Plaza txapelketaren berezitasun horren erakusle da Donamariako jokalekua. «Oso berezia da: pilota asko sartzen da ezkerparetan, eta bote arraroak egiten ditu lurrean», azpimarratu du Barrokalek. Hori dela eta, biek nabarmendu dute «plazaren berezitasunetara ondoen egokitzen» den bikoteak aukera gehiago izango duela irabazteko. «Plazandreago denarentzat izango da txapela», zehaztu du Agirrek. «Ea partida ona jokatzen dugun, eta ikusleek gozatzen duten», laburbildu du Barrokalek.

«Donamariako plaza oso berezia da: pilota asko sartzen da ezkerparetan, eta bote arraroak egiten ditu lurrean»

MADDI BARROKAL Ados Pilota klubeko pilotaria

Finala jokatzeko «gogoz» daude biak. «Leire eta biok oso gustura aritu gara. Leire oso ondo ari da azkenaldian, eta, finalean horrela aritzen bada, nik aukera izango dut min egiteko», esan du Agirrek. «Ane eta biok oso ondo moldatu gara elkarrekin. Bikote oso gogorrak aritu dira, eta finalera iritsi izana gauza handia da», aitortu du Barrokalek. 

Biek esan dute gauza bera aurkariei buruz: «oso bikote gogorra» direla. Agirreren iritziz, aurkariek «oso bikote sendoa» osatzen dute. «Fisikoki, biak oso ondo prestatuta daude». Barrokalek, berriz, nabarmendu du Agirrek eta Galeanok «askotan» jokatu dutela elkarrekin. «Leire oso sendo dabil, eta ezkerra denez, horrek zaildu egiten du tantoa egitea. Iera, berriz, txinpartatsu dabil aurrean».

«Ia gelditu gabe aritu gara, lehia gogorra izan dugu, eta partida polit asko jokatu ditugu. Oso pozik gaude»

IERA AGIRRE Ados Pilota klubeko pilotaria

Uda «betea eta polita»

Uda betea izan dute Adoseko pilotariek: sanferminetan, Udara Caixabank Mastersean eta Plazaz Plazan aritu dira, azken bi horietan aldi berean. Horrez gain, hainbat herritako festetako jaialdietan jokatu dute. «Uda gogorra izan da, baina balorazioa oso ona da, pilotari guztiok oso ondo aritu baikara», esan du Barrokalek. Iritzi bera du Agirrek. «Ia gelditu gabe aritu gara, lehia gogorra izan dugu, eta partida polit asko jokatu ditugu. Oso pozik gaude».

Indarkeria matxistaren aurkako aldarria zabaltzeko baliatu dute txapelketa, eta horri eutsiko diote finalean. Agirre: «Gu beti saiatzen gara gizartean garrantzia duten gaiei erantzuten. Adibidez, Masterseko finalean Palestinaren aldeko aldarrikapena egin genuen. Igandean, txapelketa osoan egin dugun bezala, oso presente izango da indarkeria matxistaren aurkako aldarria». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.