Hiru hilabete luzeko jardunaren ondoren, gaur amaituko da Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketa, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (Gipuzkoa). Joan den urte bukaeran abiatu ondotik, herriz herri eta frontoiz frontoi lehia betean aritu dira sei bikote, eta bi onenak ariko dira gaurko finalean, txapel preziatuaren bila (20:45, Hamaika eta Adosen Youtube kanala): Iera Agirre Iturriagak eta Oihana Orbegozok Leire Oskozen eta Amaia Arrastiaren kontra jokatuko dute. Eskarmentua izango du lagun lehen bikoteak, eta gaztetasuna bigarrenak. Iturriaga eta Orbegozo izango dira faborito; besteak beste, ligaxkan elkarren aurka jokatu dituzten bi partidak haiek irabazi dituztelako. Dena den, txapelketako garairik onenean dira Oskoz eta Arrastia, eta lehia orekatua eta gogorra izango dela aurreikus daiteke.
Oraingoz, urduritasuna albo batera utzi eta finalari aurre egiteko prest dira bi atzelariak: Orbegozo (Azpeitia, 1985) eta Arrastia (Arellano, Nafarroa, 2007). Finalerako bidean bide ezberdina izan dute bi bikoteek. Esaterako, Iturriagak eta Orbegozok partida guztiak irabazi dituzte, itxura bikaina emanda. «Txapelketa luzea izan da, eta zalantza genuen hasierako sasoi onari eutsiko ote genion. Baina fisikoki eta mentalki arazorik gabe eutsi diogu erritmoari, eta tenple onean jokatuko dugu finala», adierazi du Orbegozok. Gorabeheratsuagoa izan da Oskozen eta Arrastiaren ibilbidea. «Batzuetan, partida ederrak jokatu ditugu, baina, beste batzuetan, gaizki aritu gara. Erregulartasuna falta izan zaigu, baina txapelketako partidarik onena joan den astean jokatu genuen, finalerdietan, eta horrek konfiantza ematen digu», aitortu du Arrastiak.
Horregatik, Orbegozok uste du lana fin egin beharko dutela txapela janzteko. «Egia da orain arte elkarren aurkako bi partidak guk irabazi ditugula, baina lana erruz eginda. Eskarmentua daukagu gure alde, eta hori baliatzen saiatu behar dugu. Iturriagak eta biok konfiantza handia dugu elkarren artean, elkarrekin hobeto aritzen gara, eta ea txapelketa biribiltzerik dugun». Hori eragoztea izango da Arrastiaren helburua. «Guk bikote gazteagoa osatzen dugu, baina momentu garrantzitsuetan hazi egiten gara Oskoz eta biok, eta finalean ez dut uste urduritasunak askorik eragingo digunik. Hasi eta buka, kontzentratuta eta partidan sartuta egon behar dugu».
Partida hasierak berebiziko garrantzia izan dezake. Halaxe uste du Orbegozok ere. «Sasoi betean daude Oskoz eta Arrastia, eta bikote arriskutsua osatzen dute. Tanto batzuk atzetik hasiz gero, ia ezinezkoa izango da markagailua iraultzea. Ondorioz, lehen tantoetan batez ere erne jokatu beharko dugu». Opari gutxi egitea ere gakoetako bat izan daiteke, Arrastiaren esanetan. «Oso pilota gutxi galtzen dute Iturriagak eta Orbegozok. Aurreko koadroetan suarekin ezingo gara jolastu, Iturriagak ezer gutxi behar baitu tantoa amaitzeko. Defentsan sendo egon beharko dugu, eta arriskatzeko garaian bi aldiz pentsatzea tokatuko zaigu».
Orbegozo, etxean
Finalak beti dira bereziak, eta are bereziagoa izango da Orbegozorentzat, etxean bertan jokatuko baitu. «Txapelketaren aurkezpenean aipatu nuen ilusio berezia egiten zidala parte hartzeak, finala herrian bertan zelako, eta sari potoloa da senideen eta lagunen aurrean jokatzea. Espero dut horrek ez didala presiorik sortuko. Momentuz, lasai nago. Horrez gain, Iturriagarekin txapeldun izatea sari handia litzateke niretzat. Berari esker heldu nion berriz pilotari; lagun handiak gara, eta biok batera txapela janzteak bete egingo ninduke». Bada, azpeitiarren festa zapuzteko ahalegin guztiak egingo ditu Arrastiak. «Haiek dira faboritoak, eta harmailetan ere laguntza handiagoa izango dute ziurrenik, baina guztiari aurre egiteko prestatuta gaude. Badakigu gure jokoa egiten badugu irabazteko aukerak izango ditugula».
Lehen Mailako finalaren aurretik, Promozio Mailakoa jokatuko dute Alize Sagarduik eta Ainhize Etxeberriak Intza Arrutiren eta Dunixe Alberroren kontra. Kirol ikuspegitik ez ezik, balio sinbolikoa ere izango du finalak. Izan ere, bildutako diruaren zati bat Korrikari emango zaio, eta, horren bidez, agerian geratuko da pilotak eta euskarak duten lotura estua.