Agintetik kendu nahi dute

Jumbo-Vismari aurre egiteko asmoa dute zenbait taldek datorren denboraldian, eta izen handiko ziklistak fitxatu dituzte. Euskal txirrindularien artean ere joan-etorri nabarmenak egongo dira.

Soudalen arituko da datorren denboraldian Mikel Landa. LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
World Tourra jolastoki bihurtu du aurten Jumbo-Vismak. Talderik ahaltsuena izan da, alde handiz gainera: bere egin ditu hiru itzuli handiak, eta osotara 69 garaipen lortu. Alta, indarrek orekatzera egin dezakete datorren denboraldian, talde indartsuak taxutu baitituzte, besteak beste, Bora Hansgrohek, Lidl-Trekek eta Soudal-Quick Stepek. Liderrak ez ezik, haiek ondo babesteko jendea ere fitxatu dute. Soudalen zeregin hori izango du Mikel Landak, Bahrainen lau urtez taldeburu aritu ondotik. Ez da taldez aldatuko den euskal herritar bakarra: Oscar Rodriguez Ineosen ariko da, eta Gorka Izagirre Cofidisen. Jon Aberasturik, berriz, koska bat jaitsi, eta Euskaltelen elastikoa jantziko du hurrengo sasoian.

PRIMOZ ROGLIC
Tourraren bila, Borarekin

Erlauntza astindu, eta Primoz Roglic fitxatu du Borak. Jonas Vingegaard da orain Jumboren erlama, eta Roglicek jada ez zuen aukerarik Tourrean lider izateko. Alabaina, esloveniarrak maila handia du oraindik. Aurten Giroa irabazi du, eta Tourra falta zaio itzuli handien bilduma osatzeko. Maillot horia hatz mamiz ukitu zuen 2020an, eta oraindik ez du amore eman nahi. Bada, ametsa betetzeko aukera emango dio Borak. Bi urterako kontratua sinatu du alemaniarrekin. Ondo inguratuta egongo da, Daniel Felipe Martinez (Ineos) eta Matteo Sobrero ere (Jayco) iritsi baitira taldera. Iazko Giroa Jai Hindleyrekin irabazi zuen Borak, eta, aurten erdipurdi aritu ondoren, datorren sasoian begietara begiratu nahi die Jumbori eta UAEri.

MIKEL LANDA
Evenepoelen zaindaria

Remco Evenepoelek ere Tourra du begiz joa. Giroan eta Vueltan kale egin du aurten, baina flandriarrak konfiantzaz beterik jarraitzen du. Gainera, segurtasuna emango dio mendateetan Landaren laguntza izango duela jakiteak. Soudal taldearen fitxaketa nagusia izan da arabarra. Lider gisa aritzeko aukera izango du zenbaitetan, eskalatzaile ona baita oraindik ere. Alabaina, Tourrean bizkartzain lanak egin beharko ditu.

Lidl-Trek taldeak ere zeresana eman nahi du itzuli handietan, eta Tao Geoghegan izango du lider, Ineosetik iritsi ondoren. Helburuak betetzen lagunduko diote Patrick Konradek (Bora) eta Carlos Veronak (Movistar). Movistarrek, berriz, Nairo Quintana fitxatu du; ikusteko dago zer asmorekin, kolonbiarrak urtebete eman baitu lehiatu gabe. Remi Cavagnak (Soudal) eta Davide Formolok (UAE) ehiztari eta ezkutari lanak uztartuko dituzte Nafarroako taldean.

Jumbok eta UAEk ez dute lider berrien beharrik, eta horren ordez, luxuzko langile bana fitxatu dute: Matteo Jorgenson (Movistar) eta Pavel Sivakov (Ineos), hurrenez hurren. Galera garrantzitsuak izan ostean, Ineosek ez ditu hutsuneak bete.

AZKARRAK, HARAT-HONAT
Ewan, etxera bueltan

Esprinter nagusien artean, taldez aldatu dira Fabio Jakobsen eta Caleb Ewan. Itzali antzean ibili dira aurten, eta azkarrenen lehian distira egin nahi dute berriro. Jakobsen zokoratuta gera zitekeen Soudalen, taldea sailkapen nagusiei begira baitago. Horiek horrela, DSMrekin ariko da hurrengo hiru denboraldietan. Ewan, berriz, Jaycoren egiturara itzuli da, Lotton bost urte egin ondoren. Etxeko beroan suspertu nahi du. Jonathan Milanek, berriz, hazten jarraitzea du helburu, eta, horretarako, Bahrain utzi eta Trekekin fitxatu du. Giroan arrastoa utzi du aurten. Asmo hori izango du Mark Cavendishek hurrengo Tourrean. Erretiroa hartzekoa zen, baina beste urte batez ariko da Astanan.

GORENERA IRITSI DIRA
Belokiren jauzi handia

Oscar Rodriguez gutxi nabarmendu da Movistarren egin dituen bi urteetan. Aurtengo Giroan, gainera, oso istripu larria izan zuen. Halere, bizikleta gainean bukatu du denboraldia, eta aukera handia eskaini dio Ineosek. Gorka Izagirrek, berriz, Ion anaiarekin bat egingo du Cofidisen. Eta bada beste berritasunik euskal herritarren artean, World Tourrean aurrenekoz ariko baitira Jon Barrenetxea, Igor Arrieta eta Markel Beloki. Barrenetxea bikain aritu da aurten Caja Ruralen, eta Movistarren jardungo du aurrerantzean. Arrietak, berriz, UAEren eskaintza onartu du. Harribitxia galdu du Kern Pharmak. Belokiren kasua oso deigarria da: 18 urte eskasekin egingo du jauzi elitera, Education Firsten eskutik. Gazte mailan aritu da aurten.

TXANPONAK BI ALDE
Batzuek irri, besteak larri

Garapen betean daude Euskadi Fundazioaren taldeak. Laboral Kutxak World Tourrean aritu nahi du datorren urtean, eta, horretarako, goi mailako bi ziklista fitxatu ditu: Ane Santesteban (Jayco) eta Lourdes Oiarbide (Movistar). Izena eta izana emango diote taldeari. Euskaltelek ere eskarmentu handiko bi ziklista bereganatu ditu: Jon Aberasturi (Lidl-Trek) eta Victor De la Parte (Total Energies). Dena ez da arrosa kolorekoa euskal taldeentzat, ataka estuan baitaude Sopela eta Bizkaia-Durango. Aurrekontua hirukoiztu egin beharko lukete Espainiako Federazioak datorren sasoian ezarriko duen araudira egokitzeko, eta Sopelak urtebeteko geldialdia egingo du. Bizkaia-Durangok oraindik ez du hartu azken erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.