Agirretxek beste bi sasoirako berritu du, 2020ra arte

Toño Ramirez AEK Larnaca taldeko atezain espainiarrak bi denboraldirako kontratua sinatuko du Realarekin

Imanol Agirretxe, 2020 dioen elastikoarekin, atzo, Anoetan. REALA.
2016ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
REALA. Bulegoko lanen eguna izan zen atzokoa Realean. Batetik, talde txuri-urdinak jakinarazi zuen Imanol Agirretxe aurrelari usurbildarrak beste bi denboraldirako berritu duela kontratua. Agirretxeri 2018ko ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua, beraz, 2020ko ekainaren 30era arte luzatu du. «Harro nago nire taldean jarraitzeko aukera dudalako», aitortu zuen Agirretxek. Jokin Aperribai Realeko presidentea ere pozik azaldu zen akordioarekin, eta azpimarratu zuen «oso albiste ona» dela Realaren etorkizunerako. Agirretxek partida bakarra jokatu du azken urte erdian, min hartuta egon baita. Ordu arte sasoi ikusgarria ari zen egiten: hamahiru gol sartu zituen hamabost partidatan.

Agirretxeren kontratu luzapena ez zen izan eguneko berri bakarra Anoetako bulegoetan. Talde txuri-urdinak Toño Remirez Zipreko AEK Larnaca taldeko 29 urteko atezain espainiarra fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako. Ramirez Realaren harrobian hazitako jokalaria da.

Gizonezkoen taldean ez ezik, emakumezkoen taldean ere izan zen berririk. Klubak jakinarazi zuenez, Ainara Manterola atzelari oriotarrak eta Eguzkiñe Peña aurrelari azpeitiarrak ez dute taldean jarraituko. Aldiz, berritu egin dute Aintzane Encinasek, Maialen Zelaiak, Itziar Gastearenak, Iraia Iparraguirre, Titay Calvok, Sandra Ramajok, Leyre Fernandezek, Ane Etxezarretak, Nuria Mendozak, Maria Diazek eta Cristina Pizarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.