Agur kutsua izango du BERRIAk eta Oriamendi 2010 enpresak elkarlanean antolatu duten BERRIA Erremonte Txapelketaren seigarren ekitaldiak. Azkenekoz jokatuko dute txapelketa hori, Oriamendik azaroan jakinarazi baitzuen 2027an utzi egingo diola erremonte profesionala kudeatzeari, zeregin horretan hamazazpi urtez aritu eta gero. BERRIAk eta Oriamendik zortzi urte daramatzate elkarlanean, eta lankidetza akordio horren emaitza da BERRIA Erremonte Txapelketa. Erremontea sustatzea eta erremontista gazteenei tokia egitea du helburu txapelketa horrek. Arrakastatsuak izan dira aurreko bost ekitaldiak, eta, horri esker, aspaldi egina du tokia denboraldian.
BERRIAk eta Oriamendik agur bikaina emango diote euren arteko harremanari, inoizko txapelketarik anbiziotsuena antolatu baitute. Batetik, inoiz baino bikote gehiagok jokatuko dute: zortzik, aurreko bost ekitaldietan baino bi gehiagok. Oriamendik inoiz ez du antolatu horrenbeste bikote ariko diren txapelketa bat. Bestetik, inoizko ekitaldirik luzeena izango da, sei aste iraungo baitu. Azkenik, aldaketa garrantzitsua egin dute bikoteak osatzeko garaian. Orain arte, erremontista gazte eta hasiberriak aritzen ziren BERRIA Txapelketan. Aurten, ordea, Lehen Mailan aritzen diren pilotariek ere jokatuko dute. Hala, bikote guztiak izango dira berriak, horiek osatuko dituzten erremontistek ez baitute inoiz elkarrekin jokatu. Antolatzaileek ikusmina piztu nahi dute hori eginda, baita parekotasuna handitu ere.  Â
Larunbatean hasiko da txapelketa, Hernaniko Galarreta frontoian (Gipuzkoa). Toki berean jokatuko dute finala, apirilaren 25ean. 16:30ean hasiko da, eta ETB1ek zuzenean emango du.
Gaur aurkeztu dute seigarren ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan. Han izan dira txapelketa jokatuko duten erremontistak, baita antolatzaileak ere: Ainara Lasa Marketin arduradunak ordezkatu du BERRIA, eta Xabi Gonzalez kudeatzaileak Oriamendi. Lasak eta Gonzalezek eskerrak eman dizkiote elkarri, eta azpimarratu lankidetza «oso emankorra» izan dela.Â
Zortzi bikote hauek ariko dira: Julen Deskarga eta Aritz Juanenea; Paulo Aiestaran eta Endika Barrenetxea; Ugaitz Susperregi eta Iban Larrañaga; Urtzi Gurrutxaga eta Xabi Azpiroz —Gurrutxaga min hartuta dago, eta ez balu jokatuko, Mattin Arluziagak ordezkatuko luke—; Ander Goikoetxea eta Aritz Zubiri; Aimar Jabalera eta Aitor Aiestaran; Beñat Segurola eta Aritz Eskudero; eta Josetxo Ezkurra eta Joseba Goikoetxea. Imanol Ansak ez du jokatuko, min baitu eskuin sorbaldan, eta, hilabete inguru beharko baitu osatzeko.Â
Lehiaketa sistema berria
Lehiaketa sistema ere berria izango da. Lehenbizi, aurreneko fasea jokatuko dute, eta zortzi bikoteak ariko dira. Bost jaialdi jokatuko dituzte hurrengo bost larunbatetan, 16:30ean: martxoaren 14an, 21ean, 28an, apirilaren 4an eta 11n. Bikote bakoitzak bi edo hiru neurketa jokatuko ditu, eta, finalerdietarako sailkatzeko, horietatik bi irabazi beharko ditu. Set formatuan jokatuko dituzte partida guztiak: lehen bi setak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarren seta beharko balitz, hori zortzi tantora izango litzateke. Lau bikote sailkatuko dira finalerdietarako, eta beste lau txapelketatik kanpo geratuko dira.
Larunbatean jokatuko dute txapelketako lehen jaialdia: Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a Segurolaren eta Eskuderoren aurka ariko dira, eta, Aiestaran VII.a eta Barrenetxea IV.a Susperregiren eta Larrañagaren kontra. Martxoaren 21ean, berriz, bigarren jaialdia jokatuko dute: Goikoetxea V.a eta Zubiri Jabaleraren eta Aiestaran VI.aren aurka ariko dira, eta Deskarga eta Juanenea Gurrutxagaren eta Azpirozen kontra.
Bikoteak bi adarretan ariko dira: lehen partidan nagusitzen direnak irabazleen adarrean ariko dira; lehen partidan galtzen dutenak, berriz, galtzaileen adarrean ariko dira. Hain zuzen, galtzaileen adarrekoek hirugarren jaialdia jokatuko dute martxoaren 28an: martxoaren 14an galtzen dutenak elkarren aurka ariko dira, eta, gauza bera egingo dute martxoaren 21ean galtzen dutenek. Egun horretan irabazten duten bi bikoteek azken aukera bat izango dute. Bi bikote galtzaileak, aldiz, txapelketatik kanpo geratuko dira.
Irabazleen adarrekoek, berriz, apirilaren 4an jokatuko dute bigarren partida: martxoaren 14ko irabazleak elkarren aurka ariko dira, eta gauza bera egingo dute martxoaren 21ean irabazten dutenek. Egun horretan garaipena lortzen duten bi bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira. Bi bikote galtzaileek, berriz, azken aukera izango dute: galtzaileen adarreko bi bikoterik onenen aurka ariko dira apirilaren 11n. Egun horretako irabazleek eskuratuko dituzte azken bi tokiak finalerdietarako. Finalerdiak apirilaren 18an jokatuko dituzte, 16:30ean. Irabazleek finala jokatuko dute astebete geroago.
Deskargak lehen aldiz jokatuko du txapelketa, duela lau hilabete egin baitzuen debuta. Ez du nolanahiko bikotekidea izango, egungo buruz buruko txapeldunarekin batera ariko baita: Juanenearekin. «Oso gogotsu nago. Niretzat aukera ederra da txapelketa hau jokatzea. Gainera, txapeldunarekin batera ariko naiz. Plazera izango da».
Ezkurra II.ak ere lehen aldiz jokatuko du txapelketa, urteak baitaramatza Lehen Mailakoekin nor baino nor gehiago. «Polita da beteranoak eta gazteak elkarrekin jokatzea». Goikoetxea VI.arekin ariko da, azken bi txapelak irabazi dituen atzelariarekin. «Ea finala joka dezakegun».Â
BERRIA Txapelketa
Bikoteak: Deskarga eta Juanenea; Aiestaran VII.a eta Barrenetxea IV.a; Susperregi eta Larrañaga; Gurrutxaga eta Azpiroz; Goikoetxea V.a eta Zubiri; Jabalera eta Aiestaran VI.a; Segurola eta Eskudero; eta Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a.
Lehen fasea:Â bost jaialdi jokatuko dituzte: martxoaren 14an, 21ean, 28an, apirilaren 4an eta 11n. Bikoteek bi edo hiru partida jokatuko dituzte, eta bi garaipen lortzen dituzten lau bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira.
Finalerdiak:Â apirilaren 18an.
Finala:Â apirilaren 25ean.