Bi minutu. Hori izan da Aitor Etxaburuk Anaitasunaren eskaintza onartu edo ez erabakitzeko behar izan duen denbora. Kontratua bertze sasoi baterako luzatzea proposatu dio taldeak entrenatzaileari, eta Etxaburuk ez du zalantzarik egin. «Ez nuen hemendik mugitu nahi. Kontent nago. Ohorea da niretzat hemen jarraitzea», erran du.
Anaitasuna Asobal Ligan aritu da bukatu berri den denboraldi honetan. Maila nagusian azkenekoz jokatu zuenetik 28 urte pasatu dira. Mailari eutsi dio taldeak, eta egindako lanarekin hagitz kontent agertu dira entrenatzailea, bai eta Anaitasunako presidente Javier Labairu ere.
Lan horri segida emateko aukera izanen du Etxaburuk, eta erronkari eusteko prest da, azpimarratu duenez. Entrenatzaile lanetan jarraitzeko aukera biziki eskertu du, «ez baita erraza, eskubaloiaren mundua krisiak jota dagoela kontuan hartuta».
Hurrengoa hirugarren denboraldia izanen da Etxabururentzat Anaitasunan. Entrenatzaileak onartu du bertze hainbat eskaintza jaso duela datorren sasoirako, baina denak bazter utzi ditu, Iruñean jarraitu ahal izateko.
Kontratua urtebeterako luzatu du orain, baina Etxaburu «bertze urte anitz gelditzea» espero duela erran du, argi eta garbi, Anaitasunako presidenteak. Etxabururen lana eskertu du Labairuk, eta gogorarazi du bukatu berri den sasoian Ohorezko Bigarren Mailan aritzeko osatu zuela taldea Anaitasunak.
Aitor Etxaburuk bertze sasoi baterako luzatu du kontratua Anaitasunarekin
Entrenatzailea hagitz kontent agertu da Iruñean jarraitzeko aukerarekin, eta ohorea dela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu