Aitor Perez Arrieta Vueltan izango da; Arkaitz Duran, ez

Zegamarrak Michele Scarponi laguntzea izango du helburu; Geoxek, berriz, ez du hautatu gasteiztarra

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aitor Perez Arrieta (Lampre) zegamarra Espainiako Vueltako irteeran izango da larunbatean, haren taldeak atzo baieztatu baitzuen parte hartuko duela. Ez du zorte bera izan Arkaitz Duran (Geox) gasteiztarrak, Josean Fernandezek Vueltatik at utzi baitu txirrindulari gaztea. Beraz, hemezortzi dira oraingoz Espainiako Vueltarako ziurtatuta dauden euskal txirrindulariak.

Perez Arrietak Michelle Scarponirentzat lan egin beharko du bere kirol ibilbideko bigarren Vueltan. Taldeko liderra bigarren sailkatu zen Italiako Giroan, eta Vueltan emaitza on bat lortzea espero du. Urteko lehen itzuli handia izango da zegamarrarentzat. Duranek, ordea, urte irregular baten ondorioak jasango ditu, eta ez da Vueltan izango, lesioak ez baitzaizkio ondo sendatu. Gainera, kontratua bukatzear du, eta, urte txar baten ondoren, ez du erraza Geoxen jarraitzea.

Joxean Fernandez Matxin Geoxeko zuzendariak atzo zehaztu zuen bederatzikoa, eta Vueltara itxaropentsu doala esan. «Lasterketa gogorra izango da lehenengo egunetik, baina guk talde ona eramango dugu. Mentxov izango da gure liderra, baina Carlos Sastrerekin ere probatu dezakegu, ondo aritzen baita hiru asteko lasterketetan».

Denis Mentxov (Geox), berriz, gogotsu dago hastear dagoen Espainiako Vueltarako. «Italiako Giroaren ondoren, prestaketa jakin bat egin dut Vueltarako, eta une fisiko on batean iritsiko naiz. Gure helburua garaipena da, sailkapen nagusiko garaipena. Ibilbidea gogorra da, baita aurkariak ere; horregatik, nire taldekideen laguntza ezinbestekoa izango da». Errusiarrak bi aldiz irabazi du Vuelta. Euskaltel-Euskadi taldeari dagokionez, atzo abiatu zen Benidormerantz.

Limousingo (Frantzia) Tourreko lehen etapan, berriz, Bjorn Leukemans (Vacansoleil) nagusitu zen, azken metroetan jotako erasoari esker. Gainontzeko txirrindulariei bost segundoren aldea atera zien. Alde hori dauka sailkapen nagusian. Atzo, Tre Valle Varesine klasikoa ere jokatu zen, Italian, eta Davide Rebbellin (Miche) beteranoak irabazi zuen. Lehenbizi Vincenzo Nibaliren (Liquigas) erasoari eutsi zion, eta gero Domenico Pozzovivo (Colnago) garaitu zuen esprintean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.