Aitor Perez Arrietak ez du jarraituko Lampre taldean 2012tik aurrera

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Aitor Perez Arrietak ez du jarraituko Lampre-ISD taldean 2012tik aurrera. Txirrindulari zegamarraren erabakia Ampo etxeak hartutako erabakiarekin dago lotuta; babesleak ez du jarraituko talde italiarra laguntzen. Arrietak urtebete eman du Giuseppe Saronnik zuzentzen duentaldean. «Ez dut jarraituko taldean. Ampori esker sartu nintzen Lampren, baina enpresak ez du jarraituko taldea babesten. Zaku berean gaude. Orain arte zortea izan dut; haiengatik sartu naiz sartu naizen taldeetan». Arrietaren etorkizuna Ampo enpresak hartutako erabakiaren baitan dago neurri handi batean.

34 urteko zegamarra Footon eta Murtzia taldeetan aritu da lehendik. Egungo egoerarekin leku egokirik aurkituko ez balu erretiroan pentsatuko lukeela adierazi du: «Merkatua oso zaila dago. Lagun bat kontinental mailako talde txiki batzuekin jarri da harremanetan, eta taldea hemengoa balitz, txikia izanagatik ere, ez litzaidake axolako bertara joatea. Abendura arte itxarongo dut». Aurtengo sasoian ez du bere maila eman. «Beti besteei laguntzeko lan egin dudalako eta horrela oso zaila delako zerbait erakustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.