Igandean gorputzaldi hobea izan balu gehiago egingo zuela aitortu du Olasagastik. Halere, oraingoz gehiago aritu da segan, uztailaren 24ko apustuari begira.
Ezustean harrapatu al zintuzten Nazabalen erritmoak eta sasoiak?
Astean bi entrenamendu gogor eginak nituen segan, eta iraupenerako ongi prestatuta egonda ere, igandean lotuta aritu nintzen.
Zuk, halere, zerbait gehiago egingo zenuen beste helburu batekin plazaratu izan bazina?
Bai, bai. Beste gorputzaldi batekin jardun izan banu bai, baina ezin izan nuen.
Zer esan zenion Nazabali?
Ahalegin handia egin beharko duela Larretxea menderatzeko, eta 27 minutuan amaitu behako duela lana. Larretxea aizkolari handia da eta errekuperazio handikoa. Jakina, Nazabalek gozo eta erraz egiten du aizkoran eta erne ibili behar dute biek.
Uztailaren 24an jokatuko duzu Erasunen aurkako apustua. Ez al zara gehiegi lantzen ari sega arloa?
Baliteke, baina apustu handia da, ez txapelketa. Diru asko jokatu dugu, giroa aparta izango da eta badakit Erasun oso ongi ari dela prestatzen; horri begiratu beharra daukat.
Nola ari zara bizitzen apustua hitzartu zenutenetik orain arteko denbora?
Asko ari naiz sufritzen. Zortzi hilabete igaro dira apustua hitzartu genuenetik, eta luze egiten ari zait; aspertzen ari naiz. Idiak ere utzi nituen eta ez dut egurrik ebaki espreski lehiaketa honetarako. Segan eta egurrak ebakitzen aritu naiz, beste erritmo batean. Nazabal sasoiko dago eta erraz aritzen da aizkoran.
Honezkero belar kilo kopuru ederra ebakiko zenuen.
Bai, asko. Igandean Andoaingo Garate Enean (apustuko jokalekua) izan nintzen, goizean goiz, eta oso belar ona dator, itxi-itxia.
AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. JOXEMARI OLASAGASTI . «Erritmo lasaiagoan ari naiz prestatzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu