Levante 3-1 Athletic

Akats larriak egitea garesti ordaindu du Athleticek Levanteren aurka

Zuri-gorriek 3-1 galdu dute. Lehen zatian bi minututan bi gol sartu dizkio aurkariak, eta aldapa gaindiezina egin zaie. Berenguerrek 2-1ekoa egin du penalti puntutik, baina Laporte kaleratu izanak ezertarako aukerarik gabe utzi du Edin Terzicen taldea.

Laporte Athleticeko jokalaria protesta egiten, Levanteren aurkako partidan. KAI FORSTERLING / EFE
Laporte Athleticeko jokalaria protesta egiten, Levanteren aurkako partidan. KAI FORSTERLING / EFE
jon eskudero
2026ko urriaren 21a
22:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldia hasi besterik egin ez, eta dagoeneko kezka iturri bihurtzen hasia da Athleticen jarduna. Atzeratutako partida jokatu du gaur Levanteren zelaian, eta ez du aurrerapausorik eman. Egin duen guztia atzera egin du. Partidari duin ekin arren, bi minututan bi gol jaso ditu, akats larriak tarteko, eta aldapa gaindiezina egin zaio gerora. Bigarren zatian aldea murriztu du Berenguerrek, penalti puntutik, baina kalitatea eta lehiakortasuna falta izan ditu Edin Terzicek zuzentzen duen taldeak. Gainera, Laporteri txartel gorria atera dio epaileak 74. minutuan, eta hortxe amaitu dira zuri-gorrien itxaropen guztiak. Zortzi partida jokatuta, sailkapenean eskas jarraitzen dute bilbotarrek, bederatzi punturekin, eta txarrena da jokoak ez duela baikortasun mezu handirik zabaltzen. 

Lehen zatiaren hasiera ikusita, nekez pentsa zitekeen halako bilakaera izango zuenik neurketak. Izan ere, hastapeneko hamabost minutuetan Levante baino gehiago izan dira zuri-gorriak. Baloia oinetan izan dute gehienean, eta presio aurreratua erabilita, itoarazi egin dute aurkaria. Erritmo eta intentsitate altuan jardun dira bi taldeak, garaipen premia duten seinale. Testuinguru horretan, erosoago sentitu dira bisitariak. Erasoari dagokionez, gogotsu zelairatu dira, aurreko partidetako arazoei konponbidea jarri asmoz, eta bi gol aukera on izan dituzte jarraian. Lehenengoan, Hugo Rinconek ez du asmatu atera jaurtitzen, eta bigarrenean Ryan atezainak erantzun dio Berenguerrek areaz kanpotik egindako jaurtiketa onari. 

Itxura ona zuen lehiak Athleticentzat, baina bi minututan haizeak eraman dio ordura arte egindako lan ona. Izan ere, Brugue Levanteko jokalariak bi gol egin ditu bata bestearen atzetik. Bi golak zuri-gorrien akats larrien ondorioz iritsi dira. Lehenengo golean, oso bigun ibili dira Terzicenak. Hasteko, Johanekok ez du batere ongi urrundu baloia, eta ondoren erdi lo jardun dute atzelariek. Jokaldia erabat trabatu da area barruan, eta Brugue izan da denetan bizkorrena. Jaurtiketa bortitz batekin ederki gainditu du Unai Simon. Hori gutxi ez, eta hurrengo jokaldian iritsi da 2-0ekoa. Jauregizarrek baloi inozoa galdu du zelai erdian, eta Levanteko aurrelariak ez du barkatu, atzetik aurrera eginda aurrea hartu baitio Yuriri. Kolpetik bi gol jaso izana sekulako kolpea izan da Athleticentzat, eta atsedenaldira bitarte ez du gaitasunik izan suspertzeko. Ezta kalitaterik ere. 

Hamarrekin, ezinean 

Egoera ikusita, bigarren zatirako zuhaitza astindu du Terzicek, eta Iñaki Williams eta Canales zelairatu ditu. Aldaketek ez zuten fruiturik ekarri jokoari dagokionez, eta ezinean jarraitu dute zuri-gorriek. Hegaletatik ongi iritsi da aurkariaren area ingurura, baina erdiraketek ez dute errematea egiteko inor topatu. Orduan, Levanteren oparia iritsi da, 66. minutuan. Defentsako jokalari batek ostikoa eman dio Maroani area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du, jokaldia behin eta berriz errepikaturik ikusi ondoren. Berenguerrek egin du 2-1ekoa. 

Gol horrek itxaropena piztu du, baina berehala hamarrekin geratu da Athletic. Laporte oso motel ibili da, eta azken jokalaria izanik, elastikotik heldu dio Levanteko jokalari bati. Epaileak txartel gorria atera dio. Hortik aurrera, nahi eta ezin aritu dira bilbotarrak. Nico Williams ere atera du zelaira entrenatzaile alemaniarrak, baina alferrik. Gainera, azken txanpan 3-1ekoa egin dute etxekoek. Eyong izan da golegilea. Bururik altxatu ezinda jarraitzen dute Terzicenek, eta hurrengo partida igandean izango dute, Getaferen aurka, San Mamesen. 

Levante-Athletic

Levante. Ryan; Toijan (Nacho Perez, 81. min.), Mandi, Ndukwe, Manu Sanchez; Olasagasti, Requena; Fernandez, Brugue (V. Garcia, 71. min.); Ratkov (Eyong, 71. min.) eta Romero (Rey, 71. min.).

Athletic. Unai Simon; Hugo Rincon (Paredes, 81. min.), Yeray, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta (Rego, 81. min.), Jauregizar (Canales, 46. min.); Robert Navarro (Nico Williams, 81. min.), Johaneko (Iñaki Williams, 46. min.), Berenguer; eta Maroan.

Golak. 1-0: Bruguek (20. min.). 2-0: Bruguek (22. min.). 2-1: Berenguerrek, penaltiz (67. min.). 3-1: Eyongek (98. min.).

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA